23 herrialdetako 156 ikasle Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean

Atzerriko ikasleak, harrera saioaren ondotik./
Atzerriko ikasleak, harrera saioaren ondotik.

Aurreneko seihilekoa egingo dute Donostian, eta bigarrenean beste horrenbeste etorriko dira, doktorego, gradu eta graduondoko programetara

EL DIARIO VASCO

Ostiral honetan egin diete harrera ofiziala Deustoko Unibertsitatearen Donostiako campusean 2016-2017 ikasturteko lehen seihilekoa bertan egingo duten ikasle atzerritar berriei. Guztira 23 herrialdetatik etorritako 156 ikasle hartzen duten parte truke programa honetan, ez baitago ahazterik Deustuko Unibertsitateko ikasle ugarik ere badutela euren prestakuntza atzerriak osatzeko aukera.

Esan bezala, 23 herrialdetik etorri dira ikasleak: Alemania, Belgika, Danimarka, Portugal, Finlandia, Frantzia, Herbehereak, Italia, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak, Mexiko, Txile, Venezuela, Txina, Txekiar Errepublika, Irlanda, Kolonbia, Argentina, India, Polonia, Suedia, Suitza eta Uruguaitik. Ikasleak Deusto Business School-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean arituko dira. Lehenengo seihileko honetan 156 ikasle iritsi badira ere, ikasturtean, guztira, 300 ikasle atzerritar arituko dira campusean. Gainerakoak 2. seihilekoan etorriko dira, doktorego, gradu eta graduondoko programetara.

Ongi etorriko ekitaldian parte hartu du Mª Jesus Pando, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako errektoreordearen ondokoak. Ekitaldian, ikasleek Donostiako campusak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutu ahal izan dituzte arduradunen eskutik. Gainera, instalazio berriak ikusi eta Fakultate bakoitzari lotutako alderdi akademikoen berri eman zaie. Astelehenean, 16:00etan hasita, Donostiako erdigunea ezagutzeko bisita gidatua izango dute, Go Local enpresak lagunduta.

Bertako ikasleak kanpora

Deustuko Unibertsitatean, bi campusak batera hartuta, nazioarteko 550 ikasle eta irakasle arituko dira ikasturte honetako lehenengo seihilekoan, munduko txoko guztietatik etorriak. Unibertsitatea, hain zuzen, laurogeita hamarreko hamarkadan hasi zen Erasmus Programan parte hartzen. Ekimen horri esker, graduko 400 ikasle mugitzen ditu Europar Batasunean batera eta bestera. Azken urteotan tradizio luzea duen programa horri beste batzuk ere bildu zaizkio, esate baterako, Erasmus Mundus, eta ikasle kopurua nabarmen igo dute. 2007. urteaz geroztik, Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Proiektuen taldea Europako Erasmus Mundus Action 2 programan espezializatzen joan da. Programa horren helburua da Europako eta Europaz kanpoko unibertsitateen arteko lankidetza loturak sendotzea. Horretarako, bekak finantzatzen dira Europar Batasuneko eta hirugarren herrialdeetako unibertsitateetan gradu, master, doktorego eta doktorego ondorengo ikasketak egiteko eta irakasleen mugikortasunerako.

.