Maratoiko marka edo ziklismoko garaipena?

Garaian garaikoa ·

Sekulako denboraldia eginda dator Reala baina azken marra Iruñean dago eta esprint latza bota beharko du besoak altxatzeko

Gaizka Lasa

San Sebastián

Sábado, 22 de mayo 2021, 07:43

Denboraldi osoan maratoia izan dugu hizpide. Irteera bizkor hura eta gero, burua ez galtdu eta zenbat gelditzen zen gogorarazteko. Liga erdia igaro zenean, azken hamar kilometroetan aurrekoen erritmoari eutsi behar zitzaiola azpimarratzeko. Azken bost kilometroetara lehenengo multzoan iritsi ondoren, oraindik erabakigarriena falta zela nabarmentzeko. Eta orain? Maratoiarena baleko metafora iruditzen zait denboraldian zehar erabiltzeko, baina behin une honetara helduta, kasik nahiago txirrindularitzara pasa, hobeto bistaratzen baitu azken metroetan arrakasta lortu ala erdi bidean geratzearen arteko aldea. Maratoian markak, denborak alegia, sekulako garrantzia dauka. Bigarren edo hirugarren bukatuta ere, bi ordu eta minutu pasatxo egiten duena txapeldun handia da eta laudorioak merezi ditu. Realaren marka, gaur egiten duena albora utzita, ikusgarria izango da aurten. 60 punturen bueltan amaituko du, Europa Leaguen lehiakor izan eta Kopa irabazi ondoren. Atletismoaren ikuspegitik ez dago zalantzarik: denboraldi arrakastatsua.

Publicidad

Gatozen baina ziklismora. Azken zuzengunean sartuta da talde txuri-urdina eta bi arerio –Villarreal eta Betis– dauzka gurpilera itsatsita. Esprinta falta! Volata! 'Suerte suprema' deritzona. Garaipen handien epaile izan da betidanik azken metroetako azelerazio hori. Horrek bereizi izan ditu lehenengoa eta mailaz haren pare ibili arren itzalean geratu diren gainon-tzekoak. Bost edo sei orduko esfortzua eta gero, azken metroetan bereizi behar al dute lehiakideak? Bai bada! Elitean dagoen parekotasunaren isla da hori. Azken marrak balio du. Hori bakarrik hartzen da kontuan. Bidegabea? Seguraski, baina...

Reala garaipen handi baten atarian dago. Garaipena, bai. Bosgarren ez, bere ligako lehenengoa izango da gaur irabazten badu. Aurreko laurak, motordunak izanik, beste lasterketa batean doaz. Imanolen taldeak mendi garaiak maisutasunez gainditu ditu. Kilometro askotan erakustaldia emanda dator helmugara. Baina esprint latza du zain Iruñean. Ez baita gauza bera goi mailako kirolean meritu ikaragarria izatea ala arrakasta lortzea. Lehenengoa ez dio inork ukatuko Realari. Bigarrena gaurkoaren baitan dago. Niri marka izatea baino besoak altxatzea gehiago gustatu izan zait beti. Eta zuri?

Nafarroan hain maitea duten zezenak esaera aproposa du gaztelaniaz. «Hasta el rabo todo es toro». Eta gaurkoa Miura ganadutegikoa da.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad