Asier Illarramendi: «Tunelaren amaierako argiak oraingoan asko irautea espero dut»
Mutrikuarrak gorputza indartzeko lan asko egin du udan eta «fisikoki ondo iristen naizela» azpimarratu du lehenengo egun hauetan
Hasi berri den ikasturtea ez da arrunta Illarramendirentzat. Iluntasunetik atera eta argiarekin topo egitea bezala izan da mutrikuarrarentzat aurredenboraldiari ekitea. «Azkeneko bi urte eta erdi hauek ez dira errazak izan, nahiko denbora igaro baitut taldetik kanpo, egunerokotasunetik kanpora, eta ez gaude horretara ohituta. Zoritxarrez, bakarrik edo fisioarekin momentu asko eman ditut. Gogorra izan da. Espero dut aurten lesioak errespetatzea. Oraingoz gustura sentitzen naiz. Entrenamendu asko dauzkagu aurretik baina lehenengo sentsazioak behintzat onak dira. Gogotsu nago momentu guztiak taldekideekin konpartitzeko».
Uda ondo etorri zaio, batetik burua freskatzeko eta bestetik prestaketa lanak aurreratzeko. «Kontuan izan behar da denboraldia bihurritu batekin bukatu nuela. Ez zen larria baina taldetik kanpo utzi ninduen. Nire nahia oporretan deskonektatzea izan da baina era berean gorputza indartzea. Bi urte eta erdi egon naiz taldetik kanpora eta, nahiz eta lana gogor egin, bakarkako saioak ez dira berdinak. Nahi gabe, pixka bat ahuldu egiten zara. Horregatik, aurredenboraldira ondo iritsi nahi nuelako udan fisikoki lana nire kontura egin dut. Ondo nagoela uste dut. Kirola asko gustatzen zait eta denboraldian zehar praktikatzen ez ditudanak jorratu ditut opor garaian».
Lesioek eragindako gurutze-bidea behingoz atzean uzteko esperantzarekin heldu dio denboraldiari, baina «burua hotz» izateko eskatzen dio esperientziak. «Azkenean denborak dena bere lekuan jartzen du eta dena sendatzen da, baina bitartean gogorra da. Batetik irten eta bestean sartu, molestiekin jarraitu... Lanean segi behar da eta ondo sentituko zaren garaia iritsiko da. Ea aurten den. Lehenengo bi saioak molestiarik gabe osatu ditut, gustura. Tunelaren amaierako argia den? Orain arte argi batzuk ikusi eta iluntasunera bueltatzen nintzen. Espero dut orain argiak asko irautea. Beti aurrera begiratu behar da eta momentu onekin amets egin».