Non zeunden?

Bai horixe ·

Geroztik hamaika aldiz ikusi ditugu dorre bikiak sutan, dorreak erortzen

Non zeunden eta zertan ari zinen Franco hil zenean? Nire kasuan, etxean, hamarralditan heriotza horren zain, gertatuko zenaren itxaropena ia galdua. Non zeunden Tejerok Kongresua bahitu zuenean? Lanean eta, handik gutxira, berriz ere etxean, zain. Non zeunden New Yorkeko dorre bikiak suntsitu zituztenean? Landatan, kanpin batean, oporretako azken egunean, etxera itzultzeko bezperan, trepeta gehienak berriz ere poltsatan sartuak.

Publicidad

Ohikoa da galdera hori hedabideetan, itzal handiko gertakizun baten urteurrena ospatzerakoan. Beste gauza bat da soilik barruko eragina duten gertaerekin. Non zeunden aita hil zenean? Ospitalean, haren ohe ondoan. Non ama hil zenean? Ospitalean, haren ondoan. Gertakizun horien eragina izugarrizkoa da norberarengan, baina gizartearentzat ez dira atzamarkada bat ere, ez zaizkio ia beste inori axola.

Landetako kanpin batean geunden irailaren 11. egun hartan, telebistarik gabe, mugikorrik gabe. Entzun genuen, zeharka, garrantzizko zerbait gertatu zela eta irratia piztu genuen. Han, irratiaren aldamenean iltzaturik egon ginen hurrengo ordutan, kontatzen zigutena ezin ikusirik.

Bagenekien orduan gero ere, etxera eta telebistara itzulitakoan eta ondorengo egunetan hamaika aldiz ikusiko genituela dorreak sutan, dorreak erortzen. Baina gau hartan gabezia hori sumatu genuen. Itsu sentitu ginen, burmuinak ez baitzuen lagunduko zigun irudirik eskaintzeko ahalmenik.

Orduan eta gaur, terrorismo hitza mugatua zegoen guztiz gure artean, gauza bat esan nahi zuen, gauza zehatz bat. Eta halere, berehala, gau hartan bertan, jakin genuen terrorismo hitza erabiltzeko beste modu baten aurrean ginela. Izua zabaldu nahi du terrorismoak, era desberdinetako izua. Propio, gainera, ez zeharka. Ezin uka dorreen erortzeak beldur berri bat zabaldu zuenik.

Publicidad

Gogoan dut Landetako gau itsu hartan pentsatu eta esan genuela orduantxe hasten zela XXI. mendea, mundu desberdin baten atarian geundela. Fikziozkoa zirudien irudi hark luzarorako edo betiko aldatuko zuen munduaz genuen irudipena eta ez irudipena bakarrik. Oraindik ere Manhattaneko irudiak ikusterakoan zulo bat ikusten dugu lehen dorreak zeuden lekuan.

Seguruenik dorre bikiei eraso egin zietenek ere ez zuten pentsatzen lortu zutena lortuko zutenik, sutea bai, beldurra ere bai. Gainerakoa, berriz, ez. Eta, agian, irudi beldurgarriagoak eskainiko dizkigu oraindik munduak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad