Joan den astean bullyingaren kontrako nazioarteko eguna ospatu zen. Egunero da egun seinalatua zerbaitentzat, norbaitentzat eta, salbuespenak salbuespen, hurbiletik ukitzen duenarentzat izaten da egun seinalatua eta arrunta gainerakoentzat, kasu honetan eskoletan gertatzen diren erasoak hurbiletik bizi dituztenentzat.
Publicidad
Kosta egin zitzaion gizarteari uler-tzea etxeetan gertatzen diren eraso matxistak ez direla isilpean gorde behar den kontu pribatua. Feminista batzuen jardunari esker sartu ziren emakumeon kontrako tratu txarrak agenda politikoan eta gaur politikariak dira pankartaren atzean jartzen diren lehenak. Urte mordoxka eta ehunka emakume erail ondoren, badira urte batzuk gizartearen zati esanguratsu batek ulertu duela emakumeen kontrako tratu txarrak guztion arazo direla.
Ez da oraindik berdin gertatu eskoletan ikasleen artean gertatzen diren eraso baztertzaileekin eta hori hildako batzuk ezagutu ditugula urteotan. Azaleratzen diren kasu gehienetan argi geratzen da ikastetxeari kosta egiten zaiola gertatzen denaz jabetzea eta erasoen berri izandakoan ere, erasoa sufritzen duenak gertatzen ari dena gurasoei edo irakasle bati azaltzen badio ere, eskolari kosta egiten zaiola erasoei aurre egitea.
Tantaka, han eta hemen jarri dira martxan eraso horien kontrako neurriak, ahulak, baina neurriak. Tantaka, entzun eta irakurri ditugu erasoa sufritu dutenen lekukotasunak. Gehienetan urte mordoxka pasa ondoren, kaltetuak nola hala oinazea gainditu duenean edo sufritu zuena urruti gelditzen zaionean.
Ez dugu, oraindik, kaltegileen hitzik entzun. Nik, txikitan, eskolan, hau edo hura erasotu nuen eta damutzen naiz, edo antzeko zerbait. Nonbait, ahaztu egin zaie. Txikitan egoera hori pairatu zuen neska gazte batek kontatu zidan, duela gutxi, kaltegile ohiekin topo egiten duenean, erasogileak ezer gertatu izan ez balitz bezala agurtzen duela. Aspaldiko, zer moduz? Kaltetuari ez zaio ahaztu, kaltegileari, berriz, bai.
Publicidad
Eta kaltegileei ahaztu bazaie, zeresanik ez isil geratu ziren lekukoei. Horiei bai ahaztu zaiela, zeharo ahaztu ere. Azken batean, gurasoek irakatsitakoa egin zuten. Ez sartu istilutan esaten diegu guraso gehienok haur edo gaztetxoari eta hori egin zuten lekuko isilak, beste norabide batera zuzendu begirada.Hor konpon.
Bullyingak, noski, kaltetua zauritzen du lehenik, baina kaltegilea ere bai, baita lekuko isila ere. Azken batean, gizarte osoa.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión