Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

Zaharren ahotsa

Bai horixe ·

Zainduko zaituztegu, errespetatuko zaituztegu, baina gelditu etxean

Zahartzaroa aipatzen den bakoi-tzean, arazo bat aipatzen da, modu samur edo latzean, baina arazo bat. Askotan, izenik ere ez duen arazoa. Zahartzaroa aipa daiteke, ez, ordea, zaharrak. Hitz hori debekatua dago eta ordezkoak erabiltzen ditugu, adinekoak (gainerakoek ez dute adinik), hirugarren adina, adinduak, aitona-amonak, pertsona nagusiak ...

Publicidad

Gainera, gehienetan beste batzuk egiten dute hitz zaharren izenean: seme-alabek, bilobek, erakundeek, zaindariek ... zahartzaroak pertsona mututuko balu bezala edo, gutxienez, zaharren ahotsak gizartearentzat itzultzaileak behar balitu bezala, bitartekariak

Hori da orain lau urte beteko dituen jubilatuen mugimenduaren bertute nagusienetako bat. Frogatu dute zaharrek ez dutela nahi dutena adierazteko ordezkorik behar, bitartekorik gabe esan dezaketela esan nahi duten hori, gizarteratu nahi duten hori. Ozenki, gainera, kalean, asteak joan, urteak etorri. Zuzenean.

Eta gure kale eta plazatan manifestatzen diren horiek zahar guztion ordezkari dira? Ez, baina honezkero lortu dutena eta agian lortuko dutena manifestazioetan parte hartu ez dugunon onerako ere izango da. Ondo asko dakite hori manifestariek, hain zuzen, asko eta asko protestatan zailduak direlako, hor daudelako gaur berezko eta betidaniko iruditzen zaizkigun bideak zabaldu zituztenak.

Jubilatuen mugimenduan parte hartzen dutenak, bozeramaile nahiz manifestari huts, ez datoz ezerezetik, haietako bakoitzak historia bat du. Langile mugimenduetan, hamaika grebatan, diktadurak zapaltzen zituen giza eskubideen aldeko borrokatan, luzaroan klandestinoak izan ziren ikastolatan, amnistiaren aldeko borrokan, gizon eta emakumeen arteko eskubide berdintasunaren aldekoan ... Egongo dira ere orain arte apenas manifestatu direnak, baina, oro har, hor daude jubilatu izan aurretik borrokalari izan direnak.

Publicidad

Gizarteak ez ditu horretara bultzatzen, gizarteak, etxean nahiz kalean, esaten die deskantsatzeko ordua heldu zaiela, erabakiak hartzen diren lekutik kanpo. Zainduko zaituztegu, errespetatuko zaituztegu, baina gelditu etxean, utzi ahotsa gazte eta helduei. Deskantsatu.

Agindu horri egiten diote uko manifestariek, argi utzi nahi dute zer nahi duten. Pentsio duinak, zahar etxe duinak, osasun sistema duina. Denborak erakutsiko du zertan dauden zuzen edo zertan oker. Baina, zalantzarik gabe, zahartzeko modu berri bat ari da sortzen, ahots berri bat gehitu zaio abesbatzari.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad