Ilunben ginen joan den larunbatean ere, txertaketak direla eta. Aurrekoan, eszenatokia ezagutzeko aukera izan genuen: kanpotik, eraikin bikaina, paraje ederrean; barruan, zezen-plaza eta, zezen-plazaren barruan, saskibaloiko pista...
Publicidad
Joan den larunbatean, bi irudi eraman nituen gogoan Ilunbera. Ostegunean sortu zitzaizkidan, Nikolas Zendoiari irakurrita egunkari honetan: «Gure umetan, (txertoa jartzean) eskribitzeko plumaren punta moduko batekin arraskatu eta urratu egiten zuten besondoko larrua. Odoldu. Eta an jartzen zuten zerbait».
Hitz horiek ekarri zidaten lehen irudia: gure umetan, Joxe Mari praktikantea luma batez txertoa jartzen anaioi. Bigarren irudia ere Nikolasen pasarte horretan dago, baina ezkutuan. Izan ere, besondoa arraskatu eta urratu, odoldu, eta gero zerbait sartu... Horra hor, arbola baten txertaketa ere: azala arraskatu eta urratu, ebakia egin eta zotza sartu...
Bestela esanda, arbolak txertatzen ziren bezala hasi ziren gizakiak ere txertatzen, nahiz eta orain gure txertaketa modu txukunagoan egiten den. Beraz, lehenik arbolen txertaketa izan zen, eta gero arbolen antzera hasi ziren gizakiak txertatzen.
Euskarak ere erakusten du bilakaera hori. Mitxelenak dioenez, 'injerto' hitza du 'txerto' hitzak iturburu. Euskaldunok hitz berarekin izendatzen dugu arbolen eta gizakion txertaketa. Gaztelaniaz, berriz, ganaduaren –behiaren– txertaketa iradokitzen digu 'vacunar' hitzak; aldi berean, hitz bera dira funtsean 'injertar' eta 'inyectar'.
Publicidad
Kontuak kontu, larunbatean ia-ia txertaketari buruzko parke tematiko bat antolatzen hasi ginen. Lau stand ere aurreikusi genituen. Lehenengoan, gazte bat izango genuke arbolak txertatzen. (Behiak beude oraingoz bakean.) Bigarrenean, tamaina handiko argazki zahar batzuek txertaketaren bilakaera erakutsiko lukete; berdin bideo batzuek ere. Hirugarrenean, liburuak eta hiztegi etimologikoak salgai.
Laugarren standean, dohainik eskainiko litzaizkiguke pintxoak herrietatik hiriburura joanarazitakoei, joan-etorrietan egindako gastuen ordainetan. Baina isil nadin. Badaezpada.
Izan ere, kapaz da norbait datorren txertaketaldirako parke tematiko bat antolatzeko; eta herritarroi, Ilunbera ez baina, Bilbora edo Gasteizera, edo Iruñera, edo Madrila edo Bruselara joanarazteko. Eta txertoak, aukeran, hobe gripearena bezala jartzea: bakoitzari bere herrian.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión