Taldetik aparte
Bai horixe ·
Legeek diote erraztu egin behar dela aulki gurpildunetan doazenen egoeraDuela gutxi, sakelakoaren gutizietako baten eraginez, argazki bat heldu zitzaidan begi bistara. Irudia zuri-beltzekoa da eta 1948an Oklahomako unibertsitatean egin zen. Argazkian unibertsitatearen gela bat azaltzen da: ikasleak (gizon eta emakume zuriak) ilaratan lerrokatuak, nor bere ikasmahaiaren aurrean, irakaslea (gizon zuria, nola ez) zutik, ikasleei begira, eta irudiaren ezkerraldean gizon gazte beltz bat, aparte eserita, lerroetatik kanpo, metroetako distantziara. Zuri beltzeko argazkia, zentzu ugaritan.
Bada ikusi nuen argazkia eta nire burmuinak istantean lotu zuen azken urteotan sarritan ikusten dugun beste irudi batekin. Azken honetan, gizon bat, aulki gurpildunean eserita, bere kideengandik aparte dago kokatua. Pablo Echenique du izena gizon horrek eta urteak daramatza kokaleku bereiz horretan, Espainiako Parlamentuan, lerroetatik kanpo. Mende baten hiru laurdeneko saltoa bi argazkion artean.
Pentsatzen hasita, hamaika irudi ditut burmuinean pertsona baten kontrako bazterkeria azaltzen dutenak, gehienetan Oklahomakoa baino askoz mingarriagoak, latzagoak. Baina nire burmuinak ez zituen irudi horiek aukeratu, Echeniquerena baizik. Inkontzientearen gutiziak, kontrolaezin den zeraren eragina.
Urteak daramatza Pablo Echeniquek ataka horretan eta nik dakidanez, ez du protestarik egin, gainerako kontu gehienen aurrean sarritan protesta egiten duen gizonak edo, protesta egin bazuen, onartu egin zituen eman zizkioten adierazpenak. Esplikatuko zioten ze zaila den Parlamentuan jarleku apropos bat antolatzea, ze kalte eragin dezakeen egokitzapenak historikotzat dugun eraikinean eta beste antzeko aitzakia ugari, diruarena barne. Gauza da hor jarraitzen duela gizonak, bereiz, Oklahomako ikasle beltzak bezalaxe.
Niri behintzat, harrigarria iruditzen zait nola onartzen dugun bazterkeria hori herritarrok, nola jotzen dugun normaltzat Echeniqueren kokapena Parlamentuan, urteak joan, urteak etorri, egoerak konponbiderik ez balu bezala. Parlamentu horretan bertan onartutako legeek diote erraztu egin behar dela aulki gurpildunetan doazenen egoera, espaloiak egokitu behar direla, iriste erraztasunak derrigorrezkoak direla edozein eraikin publikotan.
Edozeinetan, Parlamentuan ezik. Agian, hemendik hamarraldi gutxitara, norbaitek aurkituko du Echeniqueren argazkia eta auzo lotsa sumatuko du, ez du ulertuko nola onartu dugun hain luzaroan egoera aldrebes hori.