Hilabete berezia da otsaila. Eta ez, bakarrik, denetan motzena delako. Badu bere motzean zerbait, oso berea, are bereziagoa egiten duena. Ez da atzo goizeko kontua.
Publicidad
Antzina, azken hilabetea zen otsaila erromatarrentzat. Bisurteetan, horregatik eransten omen zioten 366. eguna. Horrela egiten dugu oraindik ere, bi mila urte geroago. Uste baino gehiago gara lehenaren zordun.
Baina otsaila, hilabeterik motzena ez ezik, luzeena ere ba omen da, aldi berean. Oso luzea egiten zaigu. Luzeegia. Askori entzun ohi diogu kexa. Ez omen da nahi ordurako bukatzen, diote luzetsita. Negua lotan pasatzen duten animaliek, horiek bai suerte ona! Suerte ona, beti auzoan.
Negua esna pasatzeko zoria dugunok, berriz, hemen ibili ohi gara komeriatan, ahituta, flakiak jota, abailduta, pilak agortzeko zorian, nekea nekearen gain, iluna uxatu ezinik. Depresiorik handienen hila ere ba omen da otsaila.
Horretaz ere ohartu ziren antzinako erromatarrak. Zergatik gertatzen zen ere antzeman zioten. Horregatik ospatzen omen zuten urte-azkena otsailaren bukaeran. Otsailaren bukaeran sumatzen zutelako natura –eta, naturarekin batera, gizakia– neguko loaldi luzearen azken egunetan. Berehala esnatuko zen natura, eta naturarekin batera suspertu eta indarberrituko zen gizakia ere. Urte berria, bizipoz berria! Uste baino gehiago gara naturaren baitako. Halabeharrez. Onerako eta txarrerako.
Publicidad
Horren harira, ezinbestez sortzen zaigu denoi ere funtsezko galdera deserosoa: zer neurritan gara geure buruaren jabe? Apenas dugun ezaguna Arthur Schopenhauer filosofoak esana: «Gizaki batek bere esku du nahi duen guztia egitea; ez, ordea, nahi duena nahi izatea».
Albert Einsteinek berak aitortu zuenez, gaztetatik izan omen zituen filosofoaren hitz horiek benetako inspirazio. Fisiko honentzat etengabeko kontsolamendu izan omen ziren hitz horiek, bere eta besteren neke-aldietan. Baita tolerantziaren iturri agortezin ere. Eta hitz horiek ulertu izanak arintzen omen zion, zorionez, hain itogarria gertatzen den gehiegizko erantzukizun gaiztoa. Horiek gozatzen omen zioten umorea, hain beharrezkoa dena bizitzari dagokion puntua hartzeko.
Publicidad
Otsailaren amaieran gaude, naturaren loaldiaren azken egunetan. Dagoeneko ikusiak ditugu mendialdean han-hemenka lehen San Jose loreak, hain berea duten kolore horixkarekin. Laster suspertuko gara geu ere.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión