Perretxikotan

Bai horixe ·

Persia urrunean izango du jatorria 'perretxiko' izenak ere, 'albertxiko' eta 'mertxika' izenek bezala

Jueves, 4 de noviembre 2021, 06:53

Fruta-denda batean izan zen. Kanpoko paretan zegoen zin- tzilik kartela: Eska itzazu frutak eta barazkiak euskaraz. Eta kartelean, banan-banan, fruta eta barazkien irudiak eta izenak: ahuakateak, albertxikoak, ananak, alberjiniak.... Guztira, ehunen bat. Eta horiek ikusten ari nintzela, hor gelditu zaizkit begiak batean josita. 'Mertxikak' zioen. Hitz horrekin hasi zen dena.

Publicidad

Nondik ote dator izen hori? Auskalo. Auskalo noraino joan nintzen argi bila, noiz eta karteletan bertan nuenean keinuka, goi-goian: 'albertxikoak'. Antz handiegia zegoen bi hitzen artean, kasualitatea izateko. Bigarrenari kendu hasierako 'al' –arabierazko artikulua– eta horra hor ia hitz berbera.

Ez ginen nahi ordurako etorri etxera. Irrikan negoen jakiteko zer dioen Joan Corominesek gaztelaniaren hiztegi etimologikoan, 'albérchigo' sarreran. Hantxe aurkitu nuen giltza. Mozarabiar hizkuntzako hitza omen dago 'albérchigo' bitxiaren azpian, artikulu eta guzti; eta mozarabiar hitzaren azpian, latinezko 'malum persicum' (Persiako fruta), 'malum' galdu ondoren 'persicum' hutsean gelditu zena.

Hortik guganainoko ibilbidea ez dago zaila asmatzen. Alegia, 'pertsiko' dagoela gure 'albertxiko' eta 'mertxika' fruta-izenen jatorrian. Ez nuen joan-etorri txiki-txikia egin denbora gutxian, fruta-izenen kontura. Baina artean puska bat gelditzen zitzaidan egiteko.

Nola ez dakidala, berehala nuen 'perretxiko' ate joka eta beste bien artean leku eske. Arrazoi eman nion etorriari. Itxura guztien arabera, Persia urrunean izango du jatorria 'perretxiko' izenak ere, 'albertxiko' eta 'mertxika' izenek bezala. Aspaldikoa da, nonbait, globalizazioa. Ea zer dioten ni baino adituagoek.

Publicidad

Kontuak kontu, geroztik zapore exotikoagoa dute niretzat albertxikoek, mertxikek eta perretxikoek. Urrunera eramaten naute, etxetik mugitu gabe.

Bide batez, ohar bat hizkuntza-eragileontzat. Bezero asko ditu aipatutako fruta-dendak; asko eta asko euskaldunak, frutak eta barazkiak euskaraz eskatzen dituztenak. Oraindik ez diot inori aditu mertxikak eskatzen. Melokotoiak bai, askori; baita albertxikoak eta perretxikoak ere. Belarriprest, hizkuntza-eragileok: dena ez borondate kontua.

Eta azken hitza, Zarauzko Arkamurka Natura Elkartekoei. Segi perretxikoen kultura zaintzen eta lantzen, Jose Luis Albizu 'Golindo' handia gogoan. Bejondeizuela! Bejondeigula! Eskerrik asko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad