Tarteka, norbaitek kalean gelditu eta zutabe honetan idatzitakoa aipatzen dit. Joan den astean bezala. Konfiantza osoan bota zidan: ea nola izan naitekeen horren inozoa; ea nola oraindik ere sinets nezakeen onez onean konpon daitezkeela sesioak eta istiluak. Eta, ezer erantzuten utzi gabe, zehatz-mehatz kontatu zidan, xehe-xehe, baserritar izan nahi zuen kalekume gizarajoaren istorioa.
Publicidad
Ekologista porrokatua omen zen Anjel kalekumea, eta baratze polit bat jartzea erabaki omen zuen. Baratze polita jarri eta onez onean gobernatu. Ekologista batentzat zer jostailu politagorik baratze bat baino! Eta zergatik ez zaindu inork aurretik asmatu ez bezala?
Besteak beste, baratzean botikarik ez erabiltzea erabaki omen zuen Anjelek. Izan ere, zergatik erabili bareak-eta akabatzeko botikarik, gauzak onez onean konpon daitezkeenean? Esaterako, ehun aza aldatu beharrean, berrehun aldatu. Eta erdibana egin: aza erdiak bareentzat eta beste erdia baratzezainarentzat. Eta denak konforme.
Konforme ez ezik, lerdea zeriela ibili omen ziren bareak. Hura pagotxa, berrehun aza halako baratze ederrean! Baratzezain jatorragorik! Anjel konturatu zenerako, landare guztiak garbitu omen zizkioten bareek. Ez omen zuen lan handirik izan bere ehun azak jasotzen.
Ezaguna dut istorioaren amaiera: han bukatu zirela Anjelen bare adardunen festak; handik aurrera, botika erabili zuela Anjel ekologistak ere. Ezaguna dut istorioa. Behin baino gehiagotan kontatu didate, ezberdintasun txikiak tarteko. Batzuen ahotan, Anjel du izena baratzezain ekologikoak; beste batzuenetan, beste bat edo izenik ez. Baina, funtsean, istorio bera izaten da.
Publicidad
Hala ere, adi-adi egoten naiz istorioa entzuten, kontalarien doinuari erreparatuz. Batzuek lerdea dariela kontatu ohi dute. Beste batzuek, halako tristura-puntu batez. Botika-zale sutsuak izan ohi dira lehenengoak; beti aukera bat eman zaleak bigarrenak.
Aspaldi samarretik dut ezaguna joan den asteko kontalaria. Botika-zale itsu horietakoa da, nahiz eta baratzerik ez duen. Istorioa kontatu aurretik ere banekien hori. Mundu guztia ikusten du bare inbasorez eta Putin adardunez betea. Agian, horrexegatik geldituko zen mutilzahar. Munduko botika guztiak iruditzen zaizkio gutxitxo.
Publicidad
Seme-alabak eta bilobak ere hobeto hazten dira onez onean. Antzua izan ohi da fidagaizkeria. Aukeran, hobe gizakian sinestea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión