Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

Motxilak, berriro

Bai horixe ·

Aspaldikoa omen da mutilek motxila eramatea. 'Mutil' hitzetik omen dator gaztelaniazko 'mochila'

Jueves, 1 de septiembre 2022, 07:16

Bazetorrela eta bazetorrela. Baita etorri ere, azkenean. Supermerkatuek astebeteak zerama-tzaten aldarrikatzen. Artistak dira denborari aurrea hartzen. Laster dira Halloween delakoa badatorrela aldarrika. Eta handik lasterrera, gainean ditugula Eguberriak eta Erregeak. Beldur dira, nonbait, ihes egingo ote diguten konturatu gabe; gastatu beharrekoak gastatu gabe, alegia.

Publicidad

Orain, motxilaldia tokatzen da. Era guztietako motxilak jarri dituzte apaletan. Kolorez biziak eta bitxiak, Disney mundukoak eta auskalo nongoak, Athletic-zaleenak eta Real-zaleenak. Denetarik, badaezpada. Denetarik eta unisex. Ez nago kontu horietan oso jan-tzia, baina esango nuke unisex direla; mutilak eta neskak erabiltzeko modukoak, alegia. Eta ez dakit hori parte onekoa ote den.

Izan ere, ezin gordinago diote hiztegiek. Aspaldiko kontua omen da mutilek motxila bizkarrean eramate hori. Hain zuzen, euskarazko 'mutil' edo 'motil' hitzetik omen dator gaztelaniazko 'mochila'. Garai batean, hala kargatuta ibiltzen ziren, nonbait, enkarguak egiten zituzten mutilak eta morroiak. Eta, azkenean, zama eramateko zorroak hartu zamariaren izena.

Hala bada, zuzena eta egokia al da, berdintasunaren izenean, neskak eta mutilak alderdirik makurrenetik berdintzea? Zuzena eta egokia al da neskak ere morroi bihurtzea? Ez al da penagarria neskak ere motxila bizkarrean ikustea eskola bidean, karga-karga eginda? Mutilak eta neskak berdin-tzen hasita, ez al litzateke hobe izango denei kentzea motxila?

Eta hori bat-batean ezinezkoa bada, zergatik ez denei galarazi, bai neskei eta bai mutilei, dituzten urteak baino kilo gehiago eramatea motxiletan? Eta norbaitek esango balu hori ere ezinezkoa dela, bera pisatu eta urteak adina kiloz zamatutako motxila jarri bizkarrean. Hirurogei urte dituela? Hirurogei kilo bizkarrera, gizonezko izan ala emakumezko izan. Eta kito!

Publicidad

Eskerrak, hala ere, oraindik urrun samar gauden Estatu Batuetatik. Han, balen aurkako motxilak asmatu berri omen dituzte. Badaezpada. Deskuiduan, joan den maiatzaren 24an Uvalden (Texasen) bezala, zororen bat eskolaren batean sartuko balitz eskopeta kargatuta, hemeretzi neska-mutil eta bi irakasle hil ez ditzan.

Artistak dira gero sarraskiak eta hilketak ere diru-iturri bihurtzen! Armak saltzea debekatu ordez, balen aurkako motxilak asmatu. Noizbait, asmatuko ahal dugu bizitzen ere!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad