Lucioren bertigoa

BAI HORIXE ·

Lucio Muñozek, bertigoagatik, aldamio sendoa beharko zuen Arantzazuko absidea pintatu ahal izateko

Jueves, 8 de septiembre 2022, 07:22

Bertigoa omen zuen Lucio Muñozek (Madril, 1929 – 1998), Arantzazuko absidea pintatu zuen artista handiak. Zorioneko bertigoa! Lucio eta emazte Amalia Avia –hau ere goi-mailako pintorea– beren auto txikian igo ziren Oñatitik Arantzazura, 1961eko abuztuan, euri xehea eta lanbroa lagun, Donostiatik Madrilera zihoazela. Autotik jaistean, hura edertasuna! Orduan erabaki omen zuen Luciok lehiaketara aurkeztea; lehiaketaz erabakiko baitzen nork pintatu seiehun metro koadroko absidea.

Publicidad

Lehiaketa irabazi zuela jakin bezain laster hasi omen zen aurreikuspenak egiten. Eta, aurreikuspenen artean, kezka handi bat: aldamioa! Bertigoa zela eta, aldamio sendoa beharko zuen absidea pintatu ahal izateko. Hala jakinarazi zien Arantzazuko fraideei. Eta fraideak di-da batean hasi arazoa konpontzen.

Orduan fraide gaztez betea Arantzazu, eta fraide nagusiak galdetu omen zien ea norbaitek bazekien aldamioak jartzen. Jon Ulazia gazteak jaso zuen eskua. Arantzazura joan aurretik, jarduna zela hiru urtez aitarekin etxegintzan eta ikasia aldamioez. Fraideak pozik, eta Jon gaztea are gehiago. Hura aukera, aldamioari esker, Lucio Muñozen ondoan aritu eta haren artelana gertu-gertutik jarraitzeko!

Handik 48 urtera, 2010eko urrian, Arantzazun izan nintzen, Jon Ulazia bera lagun nuela. Alemaniatik etorria zen Zarautzera, familiakoak bisitatzera. Alemanian bizi baita, Bochum-en, emaztea eta alabarekin. Orduan hasi nintzen jabetzen Arantzazuko absidearen arimaz.

«Hau Arantzazu da; hau ni naiz», esaten omen zuen Luciok, absidea lantzen ari zela. Eta horixe bera esan omen zion Joni 1997an, biak azkenekoz elkarrekin izan zirenean, Madrilen. Pintatu berria omen zuen koadro bat; zuhaizti bat, hiru metro koadrokoa. «Nola uste duzu sortu dela koadro hau? Abstraktua dela esango didazu eta hutsetik sortu dudala», esan omen zion Luciok.

Publicidad

«Hara! Nik, zuhaizti bat edo zerbait pintatzerakoan, ez dut inoiz kopia egiten. Bat egiten naiz zuhaiztiarekin, hura sentitzen dut; zuhaizti naiz. Eta bizipen hori pintatzen dut. Horixe gertatu zitzaidan Arantzazun ere. Paisaia harrigarri hura ikusi nuenean erabaki nuen lehiaketara aurkeztea. Eta artelan hura egiten ari nintzela, gero eta gehiago bihurtu nintzen Arantzazu. Burugabekeria dirudi, baina halaxe da».

Zorioneko bertigoa, Lucio eta Jon betiko elkartu zituena! Horri esker dakigu gehixeago abside zoragarriaz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad