Kultur ekitaldien paisaia
Bistan da gaurko emakume adindu gehienek ikasi nahi dutela
Edozein arratsaldetan, negu eta uda, euripean nahiz ateri, auskalo nork antolatutako kultur ekitaldi batera bazoaz, gehienetan giza paisaia bera aurkituko duzu. Berdin zaio ekitaldia musikaren ingurukoa, zientziaren, osasunaren, literaturaren edo munduko politikaren ingurukoa izan. Berdin zaio erakunde ospetsu batek edo edozein taldek antolatua izan, hitzaldia euskaraz edo erdaraz izan.
Aspaldikoak diruditen bikoteak eta emakume taldetxoak ikusiko dituzu. Batez ere emakumeak eta, zehazkiago, gazte izateari aspaldian utzi dioten emakumeak. Guztiak txukun jantzita, batzuk ileapaindegitik paseak, gehienak irribarrea aurpegian. Gazterik, apenas, ez neska ez mutil. Eta paisaia horren aurrean galdera bat bururatzen zait sarritan: non daude gizonezkoak? Auskalo.
Beste galdera bat: zer egiten genuen guk, kultur ekitaldiei dagokienez, gaztetan? Bertaratzen ginen, hori bai, antolatzailearen arabera. Bi egoera hauek konpara daitezke, baina ezin dira parekatu. Nire belaunaldikoen gazte garaia frankismoarena zen, diktadurarena. Gaurko egoerarekin parekatu ezina, askok uste ez badu ere.
Eta zer egiten zuten, sasoi hartan, gaur kultur ekitaldietan parte hartzen duten emakumeen adinkideek, emakume helduek, are zaharrek? Bada, etxetik irtetzekotan, elizara joaten ziren, errosariora edo hileta batera. Gutxi batzuk kafeteriaren batean biltzen ziren, berriketan jarduteko. Behintzat, hori da nire memoriak kontatzen didana.
Agian eliza katolikoari ez zaio berri ona iruditzen, baina ez da desberdintasun makala. Bistan da gaurko emakume adinduek ikasi nahi dutela, burua jantzi nahi dutela eta hori behar adina ospatzen ez den aldaketa izugarria da. Duela mende erdi, adin horretako pertsonek uste zuten ikasia zutela ikasi beharreko guztia, zahartzaroa irakasteko sasoia zela, ikastea gazteen kontua baizik ez zela.
Entzun izan dut gaurko emakume horiek kultur ekitaldietan bilatzen dutena duela mende erdi elizan bilatzen zuten gauza berdina dela, konpainia, gizartearen parte direla sentitzeko modu bat. Are etxetik ihes egiteko aitzakia. Baina hori baino gehiago ere bada.
Agian hori da orduko zahartzaroaren eta oraingoaren arteko desberdintasunik handiena. Hori eta adina. Sasoi hartan hirurogei urtetako norbait zaharra zen eta orain inor ez da zaharra, ezta laurogeien muga zeharkatu ondoren ere. Agian ez diegu zientzian jarduten dutenei egindako lana behar adina aitortzen.