Berrogeita hamar urte neramatzan kontakizun laburren arrakastaren arrazoia ulertu ezinik. Zergatik erakarri ohi gaituzten txikitatik. Zergatik, norbait horietako bat kontatzen hasi orduko, adi-adi jarri ohi garen entzuten. Zergatik ez garen aspertzen horrelakoak entzuten. Zergatik halako oihartzuna aurkitzen duten geure baitan. Zergatik eramaten gaituzten hain barrura, hain urrutira...
Publicidad
Horietako bat berritu nuen gaur zortzi hementxe, txiste moduan; hala ikasi bainuen. Baina berez ez da txistea. Sufi kontakizuna baizik. Hona hemen jatorrizkoa:
Gau batean, han zebilen Nasrudin farola baten pean zerbaiten bila urduri. Zertan ari zen galdetu zion auzoko batek. «Giltzen bila», erantzun zion hark. Eta bilatzeari ekin zioten biek. Handik pixka batera, han ez zegoela ezer eta, auzokoak: «Nasrudin, hemen galdu al dituzu giltzak?». «Ez, baina hemen dago argia», erantzun zion Nasrudinek.
Fernando Amezketarraren pasadizo bat dirudi. Oso antzekoak dira bi pertsonaiak. Baina alde handi batekin: hezur-haragizkoa izan zen Fernando, Amezketan jaioa 1764an eta Amezketan bertan hila 1823an. Nasrudinek, berriz, Ekialde Hurbileko pertsonaia mitiko bat izan behar du; Erdi Arokoa, nonbait. Baina ez dira hor bukatzen Fernandoren eta Nasrudinen arteko antzak eta aldeak. Oihartzun handia izan dute bataren eta bestearen pasadizoek. Fernandorenek Euskal Herrian; Nasrudinenek Egipto, Siria, Iran, Pakistan eta Indian, baina baita Turkian eta Errusian ere, eta Sizilian, Sardinian...
Kontuak kontu, urteak neramatzala kontakizun laburren arrakastaren gakoa atzeman ezinik. Eta hara non, pandemiaren azkenaldi horretan, topo egin nuen txiste usteko horrekin, baina protagonistaren izena –Nasrudin– berekin zuela.
Eta Nasrudinen berri bila hasi Internetez, eta 'El mundo de Nasrudín. Cuentos sufíes' izenburuko liburua aurkitu nuen, hitzaurre eder bat aurretik duela. Hitzaurre horretan nuen, hain zuzen, berrogeita hamar urtean bila nenbilena.
Publicidad
Kontakizun laburrek –Platonen elkarrizketek, Talmudeko kontakizunek, Ebanjelioko parabolek...–, metaforek eta budismo tradizioko koan esaldiek ere gauza bera egiten omen dute denek: jokoz kanpo utzi gure garunaren ezker hemisferioa, dena kontrolpean eduki nahi duen hori, eta hala ematen omen diote aukera eskuin hemisferioari lan egin dezan, hain berea duen intuizioaren arabera...
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión