Khalid Mouamou

Bai horixe ·

Enpatia zerion eskelari. Asko lagundu zigun geure onera etortzen. Eta Zacarideren kasua ekarri zigun gogora

Atzo zortzi gertatu zen, baina ostegunean hasi zen berria zabaltzen eta ostiraleraino ez zen egunkarietan atera. Hamazortzi urteko gazte batek bere burua hil zuela Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren tutoretzapeko etxebizitza batean. Marokoarra zela. Adin txikiko migratzaile iritsi zela gure artera, etxekorik gabe. Ibaiondo zentroan egona zela, Zumarragan. Gaztearen inizialak ere bazetozen egunkarian: K.M.

Publicidad

Egunkari honek larunbatean zekarren eskela, Urola Garaiko Lanbide Eskolak aterea. Osorik zituen izen-deiturak: Khalid Mouamou. Ondoren: «Asteazkenean zendu zen, 18 urte zituela». Gaztearen argazkia ere bazekarren: irribarre txikia eta hauskorra, apala, begi biziak betaurrekoen atzean, maskarilla eskuineko belarritik zintzilik. Eta aldamenean, hitz hunkigarriak: «Eskolan partekatutako momentuak, solasaldiak eta irrifarrak ez ditugu ahaztuko. Gure bihotzetan izango zaitugu beti».

Sentimendua zerion eskelari. Enpatia. Asko lagundu zigun geure onera etortzen. Eta Zacarideren kasua ekarri zigun gogora.

Zumarragan zen Zacaride 2004-2005eko ikasturtean, Ibaiondo zentroan. Afrikarra zen hura ere, hamazazpi urteko mutil gaztea orduan, Argeliatik etorria Euskal Herrira, kamioi baten azpian. Familiak bidali zuen, hemen lan eginez hara diru apur bat bidal zezan. Halabeharrez iritsi zen bizirik gizagaixoa. Eta ez horren halabeharrez erori, gure artean, disolbentearen gatibu.

Ibaiondoko hezitzaile bati entzun genion. Barru-barruraino sartua omen zeukan Zacaridek etxekoei dirua bidali beharra. Azkenean, lagunek behartuta erosi omen zuen ikasturte hartan neguko arropa ere. Prest zegoen hotza pasatzeko, familiari diru gehixeago bidaltzearren.

Handik bi negura, Urtezahar gauean, hil zuten Zacaride Bilbon, Abando auzoan, bularrean labana sartuta. Hemeretzi urte zituen. Hurrengo egunetan ekarri zuten egunkariek berria: Z. M. afrikarra hil zutela Bilbon.

Publicidad

Inizialak irakurri orduko, «Zacaride!» itzuli zituen Ibaiondoko hezitzaileak. Eta 2007 hartako Errege egunaren bezperan, Bilbora joan zen, Abandora, lore bat uztera gazte aljeriarra hil zuten lekuan. Ordurako hasiak omen ziren dirua biltzen, haren gorpua etxera itzultzearren.

Zein mingarria den MENA eta gainerako migratzaileei izenak eta argazkiak jartzea. Eta zein beharrezkoa. Horrelako dramak ez daitezen inizial biluzi, sigla ilun eta zenbaki hutsetan desegin.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad