Gaur, hilabete Ukrainako gerra hasi zela. Hilabete daramagu han gertatzen dena ulertu nahirik. Hilabete, telebista pizteko eta egunkaria zabaltzeko beldurrak. Hilabete, okerrenaren zain. Aurreko bi urteak ez dira xamurrak izan, eta orain deskalabru hau. Gaitzaren atzetik, gerra. Noraeza noraezaren gain.
Publicidad
Bi urtean, pandemiaz zertxobait ikasteko aukera izan dugu. Aurretik ez genekien ezer askorik; gaur, apenas; baina ezagunak egiten zaizkigu zenbait kontu eta hitz. Orain zer etorriko, bi urteko ikasketa luze eta aspergarri horien ondoren, eta geopolitikaz, historiaz eta ekonomiaz ikasteko aukera. Oraindik ikasteko gaitasunik gelditzen zaigun neurrian.
Jakintza bihurri eta korapilatsu horien ezkaratzeraino iristen ez garenoi, berriz, hizkuntzaren tresna zorrotza geratzen zaigu, behinik behin. Ez da gutxi. 'Itsusi' eta 'itsu' hitzen arteko lotura estua berritzeko aukera, esaterako. Eta ez soilik euskaraz. Grekeraz ere estu-estu omen daude lotuak bi hitzen esanahiak. Merezi du polikixeago gogoratzea.
Itsusia, bai euskaraz eta bai grekeraz –eta beste zenbait hizkuntzatan ere bai, noski–, horixe da: itsutu egiten gaituena, ikusi ezin duguna.
Horrek gauza asko argitzen dizkigu. Axaletik hasita, bi hitz horien ortografia: biek 'ts' bitxi hori daramate barruan atxikita. Harrigarria ere egiten zaigu guganaino horrela iritsi izana, bien arteko zilborrestearen marka ageri-agerian dutela oraindik ere. Hizkuntzaren misterio harrigarri bezain jakingarriak!
Baina, goldea barrura sartuz, horra hor hondoan –bi hitzen esanahien arteko loturan– zergatik ezin dugun ikusi Ukrainan gertatzen ari dena. Odola, sua, txikizioa... hain dira itsusiak! Eta, guztien gain, umeen negarra hain da itsusia! Eta itsuskeriak itsutu egiten gaitu, eta ito.
Publicidad
Eta, hala ere, begiak zabal-zabalik jarraitu beharra daukagu, kosta ahala kosta. Ez dugu beste erremediorik. Fundamentuz galdezka jarrai dezagun, besterik ez bada ere. Izan ere, zer itsuskeriak itsutu du Putin, hartzen ari den erabakiak hartzeko? Zer itsuskeriak itsutu du Sanchez, orain arte Espainiako Gobernuak Saharari buruz izan dituen ikuspegia eta jarrera hain modu itsusian aldatzeko?
Eta, bide batez, gertuxeago etorrita, zer itsuskeria dela-eta nago ni hemen itsututa, zutabe honi bukaera duina jarri ezinik? Ez dago zaila aitzakiak bilatzen. Baina aitzakiak ere itsusiak dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión