Kobazuloetan bizi ginenetik hona, gauza asko aldatu dira gizakion bizimoduan. Beste batzuk, berriz, aldaezinak dira. Haien artean, orduko gizakiok eta gaurkook istorioak entzun eta kontatu behar ditugu, pertsona oso izango bagara. Hori ez da aldatu, istoriorik gabe ez gara pertsona.
Publicidad
Mendetan, kontakizun horiek ahoz aho zabaltzen ziren, sutondoetan, plazatan, elizetan. Istorio bat entzun eta hura zabaldu edo kontakizun bat asmatu eta hura errepikatu, bakoitzean zerbait aldatuz. Norbaitek entzun edo asmatutakoa idatzi eta finkatu arte. Hortik aurrera, eskuz kopiatzen ziren, banan bana, letraz letra.
Inprimatzea asmatu arte, kopiatzaileen esku zegoen istorio horien iraupena eta zabalkundea. Handik aurrera, mendetan, liburuak izan ziren istorioen gordailu nagusia, hasieran irakurtzeko gauza zirenak gutxi baziren ere. Ahozkoa esparru pribatuetarako gelditu zen eta antzerkirako. Istorioek ez zuten garrantzia galdu, baina bide berriak urratu zituzten.
Horrela heldu zen gizadia hemeretzigarren mendearen bukaerara. Une horretan sortu zen istorioak kontatzeko modu berri bat, hamarraldi gutxitan zinema izena izan zuena, berehala bitxikeria izateari utzi eta arte bilakatu zena. Hor jarraitzen zuen betiko ahozko bideak, hor liburuak, hor antzerkiak. Hor pertsona orok betidanik izan duen istorio premia.
Baina kontakizunak zabaltzeko sortutako azken bide hori, hogeigarren mendea bukatu baino lehen, istorioen bide nagusia bilakatu zen, are gehiago, autopista. Dudarik gabe, ikus-entzunezkoak dira nagusi bizi dugun mende honetan. Bide horretatik heltzen zaizkigu istorio gehienak, hor bilatzen ditugu zerbait adierazteko behar ditugun erreferenteak. Mende bakar baten buruan, literaturak galdu egin du zuen nagusigoa.
Publicidad
Gaur egun, literatura oso gutxiri asko interesatzen zaion zerbait da eta gehiengoari batere ez. Ez dago bizi garen mundu bazter honetan apenas analfabetorik, baina askok eta askok ez du sekula libururik irakurtzen, behin eskolaren itzala galdu ezkero. Hezkuntza sistematik kanpo, ikus-entzunezkoak dira nagusi, hor sortzen eta errepikatzen dira gutako gehienok jasotzen ditugun istorio gehienak, pantaila handi edo txikitan.
Ahotik paperera, paperetik pantailetara. Ez dut uste liburuak desagertuko direnik, besteak beste atzetik duen teknologia guztiz eraginkorra delako. Eraginkorra eta iraunkorra. Sinplea. Baina dagoeneko galdu dute izan zuten nagusigoa.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión