Sua
«Gaiztoa da, lapurra da, jarrera txarra izan du...». Eta? Zer egingo dugu? Su-ta-ra!
Beti gustatu izan zait dantza egitea. Festan dantza egitea. Beasaingo festetako astelehenean EGANek iji eta aja egiten zuenean kantu, ni hantxe aritzen nintzen, izerdia itsaso bihurtuta, salto eta buelta. Inauteri asteartean herriko plazan Lantzeko zortzikoa dantzatzen genuenekoa dut oso gogoan. Trapu-kolore, eskolatik plazara joaten ginen. Plazan su handia piztu, kantu artean Mielotxin erre eta dantza egiten genuen. Ume mokoak ginen. Mielotxin erretzen ikusiz hazi izan gara zer, nola, zergatik eta zertarako geure buruari eta ingurukoei galdetu ere egin gabe.
Duela bost urte, eskolan Mielotxin erre behar zutela esanez hiru urteko semea, begiak korapilo, zer, nola, zergatik eta zertarako galdezka etorri zitzaidanean, ohartu nintzen inola ere ez nintzela biolentzia irudikapen hura justifikatzeko gai. «Gaiztoa da, lapurra da, jarrera txarra izan du...». Eta? Zer egingo dugu? Su-ta-ra! Hitz egin nuen batekin, eztabaidatu nuen bestearekin, baina ai adiskide, tradizioa tradizio da, eta bost urteren ondoren, inguruko umeek, irakasleek eta gurasoek hauspotuta, «Mielotxin erreko zaitugu-u, Mielotxin erreko zaitugu» abesten jarraitzen dute justizia beregain hartuta. Ez bada ondo portatu? Su-ta-ra! Umeek. Helduek irakatsita.
San Juan su txiki eta handiak piztu ziren astelehenean han eta hemen. Gure auzoan ere bai. Lore-koroak jantzita, dantza-saio zoragarria eskaini ziguten Oberena dantza taldeko kideek. Ondoren txin-plan-pun eta festa. Su txikien erdigune su handi bat. Kartoiak kartoien gainean mendi. Eta pilaren aurpegi Israelgo eta Ameriketako Estatu Batuetako bandera bana. Bien artean Trump panpina bihurtuta, bihotzean zasta arpoia sartuta. Eman su! Bere garaian hiru urte zituen semeak zortzi urte ditu orain. Begiak korapilo begiratu zion su-mendiari. Eta nik neurekiko: mesedez, ez zaitez etorri zer, nola, zergatik eta zertarako galdezka, ez bainaiz biolentzia irudikapen hauek justifikatu eta arrazoitzeko gai. Ados, oso ados. Ankerretan ankerrena da. Eta? Zer egingo dugu? Su-ta-ra? Zu anker, ni ankerrago? Zorionez, galdezka hurbildu zitzaidan semea. Zorionez, beste behin, hitz egin eta egoerak aztertzeko aukera oparitu genion elkarri.
Iruñean Trump, Gasteizen Beatriz Artolazabal. Gaitzetsi eta egoera horiek aztertu ezean, jarrera biolentoak justifikatu baino ez dugu egiten. «Tradizioa da, panpinak dira, haserrea bideratzeko moduak, ez dago eskubiderik, nik ahal izango banu...». Badakigu zer dakarren biolentzia justifikatzeak. Sua.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.