Onin
Ze... agian bai. Agian horrek ere indartuko du astelehenetik aurrera euskararen presentzia jolastokietan
Nik Bostak irakurtzen nituen. Tira, irentsi egiten nituen. Bost lagunen abenturak. Nik Bostak irakurtzen nituen, semeak Onin irakurtzen du. Onin, Erik, Aimar, Ainara eta Sara ditu protagonista Ibon Martín idazle donostiarrak gaztelaniaz idatzi eta itzultzaile ezberdinek euskarara hain ondo ekarritako liburu bildumak. Elkarrekin irakurtzen dugu ahots gora bildumako liburu bakoitza eta liburu bera bere kasa irakurtzen du ondoren Elederrek. Gomendagarria oso: haur, gaztetxo, gazte, heldu batekin, liburu bat bi ahotsetara irakurtzea. Irakurritakoa biderkatu egiten da horrela. Edozein liburu izan daiteke horretarako aproposa; Onin zoragarria da, horretarako ere. Horretarako batez ere. Bost lagunen abenturak kontatzeaz gain, Euskal Herriko nahiz mundu zabaleko kontuek oso ondo janzten dute literaturari zor zaion berezko korapilo bakoitza. Eta ni horrek emozionatzen nau, batez ere, zazpi urteko semearen ondoan, irakurketa bidaide, esertzen naizenean: solasean-solasean Euskal Herria eta mundua zabaltzeko aukerak.
Kontua da TDiferencia konpainiaren eskutik antzerkira iritsi dela Onin. Asteartean Iruñeko Gaiarre Antzokian estreinatu zuten 'Onin eta antzerkiaren misterioa' antzezlana. Hantxe izan ginen Eleder eta biok. Eta beste zortziehun bat lagun. Umeak, umeak eta umeak. Ume asko. Ordubete isilik. Adi. Antzerkia ikusten. Euskaraz. Hiru egun lehenago ere antzokia bete egin zen, antzezlana gaztelaniaz eskaini zutenean. Kontua da antzokia bete egin zela euskarazko saioarekin ere. Kontua da jendea sartu nahi eta kanpoan geratu zela sarrerak garaiz eskuratu ez zituelako. Zer nahi duzue esatea, harritu egin ninduen jendetzak eta harritu egin ninduen jendearen jarrerak. Ordubeteko antzerkia, ordubeteko antzerki testuz betea. Ordubeteko euskarazko jario jasoa. Ume oso ume, ume gazte eta ume helduak beren orotariko lagun-tzaileekin begi eta belarri antzerkian (oinarria literatura duena eta ez telebista-pantaila) murgilduta ikustea poztekoa izan zen oso. Bukatu zenean gauza bakarra nuen buruan. Gehiago, gehiago eta gehiago. Horrelako gehiago, mesedez. Bai, horrek ez du astelehenetik aurrera jolastokietako euskararen presentzia indartuko. Baina hori ezin da horrelako gehiago (gehiago, gehiago, gehiago) ez egiteko aitzakia izan. Ze... agian bai. Agian horrek ere indartuko du astelehenetik aurrera euskararen presentzia jolastokietan. Beraz, mesedez, gehiago, gehiago, gehiago. Horrelako gehiago.