Behin gertatu zen eta behin bakarrik. Izango genituen hamalau urte. Faxista esan zidan. Ditxosozko hitza. Iñakik niri. Ez dut gogoan zein zen testuingurua. Greba deialdi erabat politizatu manipulatua edo iritzi emate huts ez politiko bat. Plis-plas eta lehertu aurpegira. Faxista. Ez dakit irribarre, barre edo algara egin ote nion. Segundo bat. Lagun izaten jarraitu genuen. Esaten zuenaren jabe zen, baina ez esaten zuenaren jakitun. Umeak ginen eta hori pena. Nonbaitetik atera zuela plis-plas eta lehertu aurpegira: faxista. Agian, orain ere, gauza bera pentsatuko du. Hori da entzun nahi ez duena entzuten duen askoren errekurtso bakarra. Gure herri eder, zoragarri, konplexu eta zentzu honetan (ere) atzerakoian, iritzia emateak hain erraza izaten jarraitzen ez duen garaiotan, ez dakit zergatik gogoratu naizen pasarte harekin.
Publicidad
Faxista. Hitzaren erabilera dela-eta, nahasten nauen kontzeptua da. Gudari da bestea. Gogoan dut gudari egunerako bertso pare bat eskatu zizkidatela institutuan bi ikaskidek. Hamasei urte egiteko nituen. Esango nuke eskaera harekin izan nuela lehenengoz gudari egunaren berri. Uste dut egin egin nituela. Ez dudana gogoan da zer zioten bertso haiek. Ene! Ez dakit nola atera nintzen ataka hartatik. Bai, ataka. Institutuko atsedenaldi hartako ekitaldi hartan ez zen sekula hil behar ez zituzten bi eta hiru biktimen bidegabekeria salatu eta halakorik ez gertatzeko bermeak ezartzeko eskaerarik egin, institutuko jende multzo baten ekitaldi propio bihurtu zen beste behin. Biktimen erabilera esaten zaio horri. Ez dakit inoiz nahi izan ote den Txiki eta Otaegiren (eta beste askoren) biktima izaerarekin euskal gizarte osoak bat egitea. Biktimen jabetza esaten zaio horri. Nik institutuko ekitaldi harekin ez nuen inondik inora bat egin (eta harrapazank, bertsoak nik idatzi nituen. Bai, ataka esaten zaio horri), baina inork ez zidan inoiz leporatu eta inork ez dit sekula leporatuko Txiki eta Otaegiren hilketak salatu eta gaitzetsi ez izana. «Biktima hauek nireak dira eta nireak bakarrik» aldarrikatu da esate eta egite moduekin urte luzetan, kasu askotan haiek eragindako mina goraipatu eta txalotzearekin batera, eta orain korapilatsuegia izaten ari da sekula biktima izan behar ez zuten bi pertsonaren oroimenaren sozializazioa.
Hau esateagatik faxista deituko dit Iñakik eta barregurarik ez, negargura ematen dit gertatzen ari den guztiak. Oihalak (eta memoria) ez dira zintzilikatu eta kentzen. Oihalak (eta memoria) josi egiten dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión