Metroa
Lau atera eta lau sartu, ekuazio perfektua da Madrilgo metroa. Milimetroka zenbatzen da bertan espazioa
Ehun zentimetro ditu metroak. Mila milimetro dituela esatea gustatzen zait niri. Gertutasuna esaten zaio horri. Ukitu beharra. Elektrizitatea. Egoten jakitea. Eustea. Itsastea eta gero askatzea. Pegamina poltsikoan gordetzea.
Zein distantziatara sentitzen ditugun hildakoak, hilda uste ditugunak, hil hurren daudenak, noizbait hil zirenak, gaur hiltzen ari direnak eta bihar hilko direnak. Zein distantziatara sentitzen ditugun mamu ez, eta fantasma diren horiek. Espaloian zeharka doazenak, kale-argien azpian itzalik sortzen ez dutenak, semaforo gorriaren aurrean gurekin batera geratzen direnak, usoei purra-purra egiten dietenak, okindegian sartu eta ogia ez beste erosten dutenak. Begietara, edo kopetara, edo sudurrera, edo ezpainetara, lepora, masailetara edo bularretara (titietara?) begira geratzen zaizkigun horiek zein distantziatara sentitzen ditugun. Eta zein distantziatara gauden gu haiengandik. Bi pertsonen arteko distantzia bera ote den harako eta honako norantzan. Ehun zentimetro ditu metroak. Mila milimetro dituela esatea gustatzen zait niri. Milimetroko distantzia elkar ukitu eta bertan geratzeko modukoa da. Mila aldiz elkar ukitu eta mila aldiz geratzeko hori da: besarkada. Metro bat besarkada bat da, beraz.
Mila milimetro ditu Madrilgo metroak ere. Besarkadaka eramaten zaituzte tunel estu beltzeko hormek. Tiraka edo bultzaka, ez dakit; eraman egiten zaituzte, korrika txikian, presarik ez izanda ere. Uste, espero eta nahi baino lehen etortzen da zure (eta beste ehundaka askoren) trena. Zalantza egiten duzu sartu ez sartu, kabituko ote zaren, eta zareten. Baina jendez lepo doan bagoian barrentzen zarete, presarik ez izan arren, bi aldiz pentsatzeko astirik hartu gabe. Lau atera eta lau sartu, ekuazio perfektua da Madrilgo metroa. Milimetroka zenbatzen da bertan espazioa. Eta bat-batean, hortxe, zure milimetroari toki egiten ari zarenean, hasiko da gitarra joz kantuan neska gazte bat. Berak irribarreak eta txanponak eskatzerako, zuk hogei bat aldiz egingo diozu irribarre, hain irudituko zaizu eskuzabala kantu saioa! Gero dirua eskatzeko eskua zabalduko du eta milimetroz beteko du gitarra soken arteko hutsunea.
Hori guztia kontatu nahi nizuen. Baina, batez ere, kontatu nahi nizuen gutxienez bederatzi lagunek eskaini zidatela eserlekua ni Xenda eta bere hamahiru kiloak motxilan hartuta ikustean. Eta metro beteko harridura eragin zidala horrek. Milimetroka neurtzen da, bai, Madrilgo metroan distantzia. Hemen ez bezala.