Borrar
Egin kontu

Krisia

Eta galdera bat: zertarako. Zertarako bizi. Zertarako hil. Zertarako idatzi zutabe bat

Jueves, 5 de octubre 2023, 02:00

Comenta

Bihar hiru hilabete txoko hau hi-tzez janzten hasi nintzela. Hiru hilabete. Eta iritsi da krisia. Oso pozik heldu nion erronkari eta gogotsu egiten diot astero haginka hitz parrastari, baina hirugarren hilabetean: iritsi da krisia. Bizitzaz eta heriotzaz pentsa-tzen dudanean izaten dudan sentipen bertsua izaten ari naiz zutabegintzaz pentsatzen jarri naizen honetan: zulo beltz bat urdaileko iluntasunean auskalo zeri zeraka. Eta galdera bat: zertarako. Zertarako bizi. Zertarako hil. Zertarako idatzi zutabe bat.

Txiki-txikitatik animatzen gaituzte helduek iritzia ematera. Pentsatu, sentitu eta kanporatu. Ahal dela partekatu. Ingurukoekin. Helduek beti anima-tzen dituzte haur-nerabe-gazteak beraiek egiten ez duten hura egitera. Izango da belaunaldi berri hobeak hezteko ahalegina. Edo nork bere gabeziak besteen ezintasunekin estaltzeko beharra. Heldua bere botere-posiziotik aritu ohi da, berak egin ez eta haurrak-nerabeak-gazteak zer egin behar duen argi adieraziz: nola elikatu, nola maitatu, nola mugitu, nola jantzi, nola jokatu pantailekin, nola eman iritzia. Eta non. Eta noiz. Eta zergatik. Baina helduentzako hitzaldi, dokumental-saio edo mahai-inguruen ondoren, segundo bat, bi, hiru, isiltasuna nagusitu ohi da sarri. Eta «Galderarik eta bestelako ekarpenik ez dagoenez, bukatutzat emango dugu saioa».

Bai, literatura egiteko. Errealitatea ipuin bihurtzeko. Begirada zorroztu eta begiak kamusteko. Neure baitakoak besteenganatzeko. Horretarako balio du zutabe bat idazteak. Ardura da (ez dakit zerena. Baina bada), erantzukizuna (ez dakit zerena. Baina bada), eta, hala ere (eta agian horregatik), ondo pasa-tzen dut (oso) zutabeok idazten. Idazten nahiz irakurtzen ondo pasatzeko ere balio du, beraz, zutabe batek. Like bat, bi, hiru, bost, zortzi lortzeko. «Ederra gaurkoa!» edo «Gaur osteguna, Irati!», oihuka hurbiltzen zaidanari irribarrez, masailak gorri, erantzuteko. Edo munduari «Hemen nago, hemen nago!», esateko. Autoestimuak aparretan gora-gora egiteko, finean.

Eta, hala ere, zutabeok idazten hasi eta hiru hilabetera krisian nago. Nora-nora-nora, bizitza nora, heriotza nora, zutabe bat nora doan hausnarketari tira-tira-tira eginez gero, zulo beltza iluntasunean auskalo zeri zeraka ikusten baitut. Iritzia eman bai, txaloak eta onespenak jaso bai, eta gero zer? Iritzi-foroak sustatu, erabaki-gune horizontalak sortu, ezberdinen arteko adoste metodologiak landu... badugu geure burua hezten lana. Gainerakoan... Eta gero zer? Hil eta gero, salda bero!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Krisia