Josefina
Memoria ibiltaria izan delako oroitu beharko genuke
Zertan ari nintzen ez dakidan batean (ederra, bitxia, interesgarria izaten da tarteka zertan ari garenik gabe zerbaitetan aritzea) Wikipediak Irati Goikoetxeaz zer dioen begiratu nuen. Aurkezpen txiki baten atzetik zehazten du Ekaitz Goikoetxearen arreba naizela. Harro sentiarazten nau Ekaitzen arreba izateak. Wikipediak hala aurkezten nauela irakurtzeak, ordea, amorrarazi egin ninduen pixka bat. Eta ez bat eta ez bi, Wikipediak Ekaitz Goikoetxeaz zer dioen begiratu nuen. Bai, asmatu duzue, horixe bera ikusi nahi nuen, ea Ekaitz Goikoetxea Irati Goikoetxearen anaia dela jartzen ote duen. Ba, bai. Hala dio: Ekaitz Goikoetxea Irati Goikoetxearen neba da.
Pasartea barre egiteko eta hausnarketa pare bat (nor garen, nor egiten gaituzten, noren garen eta norengatik egiten gaituzten) elkarbanatzeko aitzakia izan genuen etxean. Eta Josefinaz oroitzeko ere bai. Bera gogoan hartzeko aitzakia askorik behar ez dugun arren, duela urtebete utzi gintuen Josefina Lambertoz gogoratu ginen kontuok mahairatu nituenean. Ekaitz eta biok el hermano de la hermana eta la hermana del hermano baikinen harentzat.
Asteartean bete ziren laurogeita zazpi urte falangistek Vicente Lamberto eta Maravillas Lamberto hil zituztenetik. Maravillas behin eta berriro bortxatu (behin eta berriro bortxatu behin eta berriro bortxatu behin eta berriro bortxatu) eta txakurretara bota zuten (txakurretara bota zuten txakurretara bota zuten txakurrerara bota zuten) gorpu. Haren gorpuzkiak erre egin zituzten. Izan zena: su eta ke. Josefinak urteak eta urteak (eta urteak eta urteak eta urteak) pasa (egin, josi) zituen aitaren gorpuzkien bila. Besarkada hori (besarkada hori) eman gabe hil zen iaz. Kalean ikusten nuen bakoitzean, solasean aritu eta gozoki bat oparitu ostean, beti (beti beti beti) esaten zidan: tú cuéntales lo nuestro.
Maravillasen ahizpa izateagatik bai, baina, batez ere, urte luzez memoria ibiltaria izan delako oroitu beharko genuke Josefina Lamberto. Isiltasunari hitza eta begiak jarri dizkiolako. Egoten, izaten eta aritzen asmatu duelako. La hermana de la hermana izan zara zu ere. Baina, batez ere, memoriari (memoriari ere) burua eman dion pertsona.