Borrar
Egin kontu

Jolasa

Eta umeak ume izateari hiru-lau urterekin uzten dion garaiotan... helduak egiten ez badu, gazteak nekez, nerabeak apenas eta haurrak erdizka

Osteguna, 18 urtarrila 2024, 01:00

Comenta

Arreta eman dit. Goizeko hamaika eta erdiak aldera lantokitik atera naiz korrika txikian. Arreta eman dit. Lantokitik gertu dagoen institutu aurreko plaza-parkean gaztetxo-nerabe-gazteak egoten dira atsedenaldi orduan: eserita, zutik, isilik, nor bere sakelakoan poltsikoratua, bakarren bat beste bakarren batekin hizketan, denak geldi... Arreta eman dit. Hamar bat lagun, hamazazpi bat urtekoak, neska eta mutil, baloi batekin, barre eta algara, zirkuluan, jolasean ari ziren. Bi-hiru segundo izan dira. Parera iritsi, ondotik pasa eta joan. Bi-hiru segundo. Nahikoa zertan ari ziren ondorioztatzeko. Baloiari gora kolpeka, hanka, esku, sorbalda, buru, belaun, izter, mingain, sudur. Helburua: baloiak lurra ez ukitzea. Arreta eman dit. Gorputzen mugimenduak, ezkerreko neskaren irribarreak eta pareko mutilaren algarak. Bi-hiru segundo. Ia geratu naiz haiekin jolasean.

Beti gustatu izan zait jolastea. Gorputza jolasen baitara mugitzea. Ume nintzenean ikaragarri, nerabe garaian bereziki, gaztetan asko eta heldutasunean sekula baino gehiago. Hamalau urterekin lagun-talde erdia kafetegi-tabernetan ebaki, kafesne edo dena delakoa hartuz entretenitzen zen bitartean, baloi, pilota, makila edo dena delakoarekin jolasean aritzen nintzen ni, hemen salto eta han kolpe, horretara animatzen nuen beste lagunen batekin. Arreta ematen du. Adin batetik aurrera edonor kale erdian jolasean ikusteak. Arreta ematen du ohikoa ez delako. Eta ohikoa ez da, ustez eta onartzez, jolasa umeen kontua delako. Eta umeak ume izateari hiru-lau urterekin uzten dion garaiotan... Lehen haurtzaroan sekulako garrantzia ematen zaio jolasari, gero zer gertatzen den... Jolasten ere ikasi egiten da. Beste kontu askorekin bezalaxe, ordea, irakatsiz baino, erakutsiz eginez gero, beste mugimendu bat hartuko luke kaleak. Baina helduak egiten ez badu, gazteak nekez, nerabeak apenas eta haurrak erdizka.

Eta pena da. Itxurari eustetik baitator sarri kontua. Barruak beste zerbait eskatzen digun arren. Nik zoriontsu ikusi dut institutu atarian jolasean ari zen lagun-taldea. Nahi zutena egiten.

Zalantza egin dut jolasean ari ziren gazte koadrila baten argazkiak nahikoa pisu ote duen zutabe baterako. Izan ere, gainerakoan zer... Hain kakaztua dago dena! Hobe sekula utziko ez bagenio, hiru-lau urtetik aurrera, barre eta algara, zirkuluan, baloi batekin (edo bakoitzak nahi duenarekin. Errepikatu egingo dut, ez da despiste-akats bat. Edo bakoitzak nahi duenarekin. Edo bakoitzak nahi duenarekin) jolasteari.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Jolasa