Gaua egunero da beltza. Ilargi beteak gau oskarbietan argi egiten duenean pixka bat gutxiago, baina orduan ere beltza. Gauero lotarako begiak ixten ditugunean beltzaren gainean egiten dugu amets. Begiak beltzari zabaltzearen parekoa da lo egitea. Beltzak ez du tonurik. Beltzagoa. Nekez beltza baino ezer beltzagorik. Beltza da bakardadea bere horretan.
Publicidad
Nik ez dakit zuek zertan pentsatzen duzuen lo hartu aurretik begiak ixten dituzuenean. Hain da intimoa isiltasun beltzarekin trazatzen den bakarrizketa! Badu zerbait isiltasun beltzak. Badu zerbait. Geldotasuna edo. Denbora ez da existitzen beltzean. Erlojua ez da geratzen beltzean, baina denbora paralizatu egiten du zerbaitek. Eta sentipena da nik zer demontre egiten dut hemen, ezerezaren erdian, pentsamendua sostengatzen. Izan ere pisatu egiten du. Pentsamenduak. Kalabaza handi bat da burua gauean, hutsik eustera kondenatua. Kalabaza handi bat da burua gauean. Pisu huts bat. Beltzaren isiltasunean. Nik ez dakit zuek zertan pentsatzen duzuen lo hartu aurretik begiak ixten dituzuenean. Izaten ote duzuen denborarik eta sosegurik beltza aztertzeko.
Bihar ospatuko da Gau Beltza. Ez dakit bere borondatez jaio den edo ohitura amerikar errotzen hasiari aurre egiteko. Ez, ez da gauza bera. Batek baino gehiagok esan dit inguruan 'Zertara dator orain hau?'. Edo 'a, festa amerikarraren bertsio euskalduna da hau'. Eta nik sorbaldak goratuta adierazten diet ezjakintasuna, bata urruti eta bestea oraindik gertu sentitzen ez ditudalako. Ni urduri jartzen naute seme-alabei zer-nola erantzuteko klaberik gabeko galderek. Programazio berriak asmatu eta eraman dira lehen lerrora herri askotan, eta beldurraren inguruko karikaturak bazterrak dardararazi ditu. Festa asmatu da. Dantza, musika eta jolasa. Gaztaina eta gozokiak eta beste. Mozorroa aurpegian. Maskararen tokian izara. Eta hori beti dago ondo. Festa diot. Festa euskaraz. Festa bada helburua.
Baina ez dezagun beste behin geure burua engaina. Ez diezaiegun ume eta gaztetxoei kontatu kalabazak hustu eta beltza argituko duten kandelez beteko diegula tripontzia hildakoeiezdakitzeregiteko. Hildakoei zer? Zer dira hildakoak? Non daude hildakoak? Zer egiten dute hildakoek hil eta gero? Ni hilda nago? Ez dezagun sinets festaren aitzakian heriotza lantzen ari garenik etxe eta eskoletan. Eta betetzea hain beharrezkoa den hutsune handi horrek hor jarraituko du. Helburu huts eta bakarra festa euskaraz egitea bada.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión