Dohainik
Edo bagara, edo ez gara. Eta hiri batek izan egin behar du garaia noiz iritsiko zain egon gabe
Iruñeko udala auzoz auzo ari da egunotan 'Hiri Agenda Iruña 2030' proiektua aurkezten. Hiri osasuntsuagoa, inklusiboagoa, kulturalagoa, parte-hartzaileagoa, gardenagoa eta eraginkorragoa izateko garaia dela dio auzoan jaso nuen informazio-orriak. Bai horixe, bada garaia. Beti eta edozer izan daiteke -agoa, -agoa, -agoa, baina gaur eta hemen behar du osasuntsua, inklusiboa, kulturala, parte-hartzailea, gardena eta eraginkorra neurri absolutuetan. -agoa hori arriskutsua baita; pixka bat ere izan baitaiteke -agoa eta pixka batek ez baitu balio osasunaz, inklusioaz, kulturaz, parte-hartzeaz, gardentasunaz eta eraginkortasunaz ari garenean. Edo bagara, edo ez gara. Eta hiri batek izan egin behar du garaia noiz iritsiko zain egon gabe.
Horiek ez ziren esan nahi nizkizuenak, baina behin ahoa zabaltzen hasita... esanak bitez esanak.
Kontua da panel batzuk jarri dituztela kalean proiektuaren aurkezpen modura. Kontua da eskolako jolastokitik etxera bidean udazken negutzen hasi berriko ilunak berandutxo harrapatu gaituela. Eta kontua da iluna edo eskolako kontuen inguruko solasa edo auskalo zer tarteko, ez panel, ez erakusketa eta ez ezer, ez dugula begien aurrean genuen hura ikusi. Kontua da oihuka esan digula erakusketaren ondoan, mahai baten atzean dagoen bikoteak hurbiltzeko txokolate beroa hartzera. «¡Es gratis!». Kontua da semea eta biok hurbildu egin garela, ez dakit dohainik eman digutelako edo txokolatea izugarri gustatzen zaigulako. Eta bi bizkotxo, gainera, opari. Ondoren etorri dira azalpenak, Garapen Iraunkorrerako Helburuen nondik norakoak eta bla, bla, bla, dena gaztelaniaz (inklusiboagoa, kulturalagoa, eraginkorragoa... oraindik urruti dago eta iritsiko gara 2030erako).
Hori ere ez da ba kontatu nahi nizuena, baina behin ahoa zabaltzen hasita... esanak bitez esanak.
Kontua da emakume bat pasioan pasa dela «¿Es gratis?» bizpahiru aldiz arrapaladan galdetuz. Hurbildu, txokolatea hartu eta joan egin da, ez hiri, ez helburu, ez parte-hartze. Txokolatea amu eta txokolatea interes. Dohainik izanda, bi aldiz gozo. Kontua da Tourra guretik pasa zenekoaz oroitu naizela honekin guztiarekin. Pasa zen ditxosozko karabana, gelditu zen furgonetetako bat (kamiseta horiak zituena hain zuzen ere) errepide bazterrean eta segundo erdian jendea gainezka pilatu zen inguruan. Furgonetako arduradunek «¡Gratis no, gratis no!» esan zutenean, hanka egin zuten guztiek. Hori bai, hori da kontatu nahi nizuena: zertan gabiltzan, eta zeren bila.