Borrar
Egin Kontu

Beltza

Beltza den pertsona beltz ikusi behar dudan galdetu diot neure buruari; pertsona beltza beltz identifikatu behar dudan

Jueves, 28 de septiembre 2023, 02:00

Comenta

Semaforoa berdean jarri denean, pauso biziz abiatu naiz zebra-bidearen beste aldera. Lanera korrika txikian joaten naiz. Pentsamendua bi urrats aurretik dudala. Errepide erdian bakarren bat atzetik 'Ei!' hoska somatu dut. Gorputza aurrera daramadan abiada berean biratu dut eta, zast, gizon gazte bat (edo mutil heldu bat) ikusi dut nireganantz besoa luzatuta. Egia esan, nireganantz besoa luzatuta zuen mutil-gizon bat ikusi baino lehen, nireganantz besoa luzatuta zuen beltz bat ikusi dut. Beltz bat beltz-beltza.

Besora begiratu diot. Begietan pausatu dizkiot begiak. Nireak. Segundo erdian zalantza egin dut: gelditu, ez gelditu. Ez entzunarena ere egin nezakeen. Gelditu egin naiz. Zebra-bidearen erdian. 'Tu llave', esan dit. Zulo txikiz betetako galtzen ipurtaldeko poltsikoan giltza baten punta erdi-agerian neraman. Giltzak erori zitezkeela eman dit abisu. Besoa luzatuta. Beltzak. Irribarre egin diot. 'Eskerrik asko'. Pixka bat urduri. Pixka bat lotsatuta. Pixka bat lekuz kanpo. Hiru, bi, bat. Semaforoa gorrian jarri da. Eta beltza joan egin da.

Lanera bidean neraman abiadura moteldu egin dut bat-batean. Lasai joan nahi nuen. Bidea egiten baino, pentsatzen. Beltza den pertsona beltz ikusi behar dudan galdetu diot neure buruari; pertsona beltza beltz identifikatu behar dudan. Eta zast, zast, zast, buruak burrunba egin dit. Zast, denok gara pertsonak. Zast, denok berdinak gara. Zast, azalaren koloreak ez dio axola. Zast, ez da beltza esan behar. Zast, zast, zast.

Berdintasunaren aldeko aldarriz bete izan dugu ahoa azkeneko urte luzeetan. Pertsona ikusi behar dugu, pertsona ikusi behar dugu, pertsona ikusi behar dugu. Ikasi dugu doktrina. Baina orokortasunak orokorkeria du arrisku, eta ez dakit ba. Garen bezalakoak garelako harro sentitu behar dugula irakatsi digute aurrekoek eta horixe irakatsi nahi diegu ondorengoei. Urteak daramatzagu nork bere buruaz harro behar lukeela esaten. Baina bada besteok besteez harro egoten hasteko garaia ere. Horretarako ondokoa den bezalakoa ikusten eta aitortzen hasi beharko dugu. Ezberdin ikusten, ezberdin aitortzen. Besoa luzatuta 'Ei, tu llave' esan didan mutil-gizona beltza zen. Pertsona bai, ezinbestean, (ezin bestela!), baina beltza. Oso beltza.

Lanerako bidea inoiz baino politagoa izan da. Begia besteengan egin dut aurrera. Oso ederra da gurutzatzen ditugun pertsonen nolakotasuna bereiztea. Eta harro sentitzea. Gu. Besteak diren horretaz.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Beltza