Intentzioak antzematen
Gauza da edonor sentitzen dela epailearena egiteko gai
Miresten dut hainbesteren gaitasuna edonoren burmuinaren edo bihotzaren barruan sartzeko edo, gutxienez, sartu direla pentsatzeko. Aztertzen dute norbaitek esaten edo egiten duena eta berehala dakite halakoak pentsatzen, sentitzen, bilatzen duena, esan edo egindakoaren kontrakoa izanda ere. X izpiak baino sarkorrago, eskaner bat baino boteretsuago. Hutsezinak dira horretan. Hau esan du, baina ez da hori esan nahi lukeena, hura egin du baina...
'Agian'-ik gabe, 'auskalo'-rik gabe, 'daitekeen'-ik gabe. Gainera, askotan gaitasun miresgarri hori dutenek konspirazio puntu bat izan ohi dute, azpijokoetara jotzeko zaletasuna. Miresten ditut, harritzen nau zer nolako segurtasuna adierazten duten dakiten hori nola dakiten galdetzen diezunean erantzunaren finkotasunak. Dakite eta kito. Zu zara itsu zarena, zu zara inozoa, zu azalean gelditzen zarena.
Niretzat, norbaitek esaten edo egiten duena da zeren edo noren aurrean nagoen ulertzeko modurik egokiena. Baita edozein egoeraren aurrean esaten edo egiten ez duena ere. Oso gutxitan ausartzen naiz haratago joaten, bereziki kazetari bezala lanean ari naizenean eta kasu horretan entzule edo irakurleari adierazten diot hau edo hura nire susmoa dela eta beste interpretazio batzuk nirea bezain zilegi direla.
Nire ustez, kazetari batek konta dezakeena norbaitek esan edo egiten duena da, ezin du jakin esan edo egindakoaren atzean edo azpian zer dagoen. Susma dezake hitzak eta aurpegia edo gorputza ez datozela bat, baina ezin du zehazki jakin zer pentsatzen edo sentitzen duen esaten ari denak. Begiak eta belarriak ditu, ez eskaner bat. Kazetaritza zintzoak ezinezko du literaturak egin dezakeena, ez badu literatura bihurtu nahi. Bereizi behar ditu lekukotasuna eta iritzia.
Askoren kazetaritzak nahastu egiten ditu kazetaritza eta literatura eta hori kaleko edonorentzat onargarri bada, ez litzateke bidezkoa izan behar kazetariontzat. Epaitegietan, epailearen aurrean, intentzio ezkutuek balio dute, norbaitek egin duena zuzenean kalte egiteko asmoz egina den ala ez. Epaiei utzi behar genieke epailearena egiteko eskubidea. Ai ene, zenbat epaile amateur kaleetan.
Modu horretan nahasten dira iritzia eta esaten edo egiten denaren kontakizuna, horrela jartzen dira kazetariaren ideologia eta sentikizunak lekukotasunaren gainetik. Ez dakit zer izan zen lehenago, kazetarion alderdikeria edo gainerakoena, baina gauza da epailez josi zaigula gizartea. Edonor sentitzen da epailearena egiteko gauza.