Antonio Garamendi getxotarra da, enpresaburua, heziketaz abokatu, energiaren esparruan aditu eta azken urteotan enpresa nagusien elkartearen burua, CEOE elkartearen presidente. Beraz, sarritan agertzen da hedabideetan eta ez soilik ekonomiaz hitz egiteko.
Publicidad
Duela gutxi, Kataluniako preso independentisten barkamenaren harira, gizonak hitz epel batzuk bota zituen. Agian, auskalo, barkamenak onuragarri gerta zitezkeela edo antzeko zerbait. Ez zituen independentistak txalotu, ezta gutxiagorik ere.
Epeltasun hori epelkeria barkaezina iruditu zitzaion eskuinari eta sutan jarri ziren Garamendiren kontra. Ez dakigu nola edo norengandik, baina Garamendik aitortu zuen, handik gutxira, sekulakoak entzun behar izan zituela eta asko sufritu zuela, izugarri. Ia negarrez hasi zen jendaurrean sufritutakoa gogoratzerakoan eta bere aurrean zeuden enpresaburuen arteko batek oihuka esan zion ez zuela negarrik egin behar, ez zuela ahaztu behar euskal herritarra zenik.
Geroztik, ez dakigu nola eta norekin, baina gizonak lortu du, bederen pitin bat, eskuinaren barkamena eta hor dugu berriz ere hedabide guztietan, burua tente, mihia arin, oraingoan lan erreformaren inguruan. Testuinguru horretan adierazi zuen aurreko astean ez zuela gobernuaren jarrera ulertzen, ez zekiela zehazki zer esan nahi zuen gobernuko hainbat ministrok erabilitako hitz batzuek.
Nonbait, Garamendik hitzekin zuen arazoa, hiruzpalau hitzekin. Eta zer egin hitzen esanahi zehatza argitzeko? Bada ohiko bidea hartuko zuela adierazi zuen gizonak: adiskide bati deituko ziola adierazi zuen, hain zuzen, Real Academia Españolaren zuzendaria adiskide duela probestuz. Hari deituko omen zion, zuzenean, adiskidetasunaren babesean, hitzekin zituen zalantzak argitzeko asmoz. Bide zuzenagorik, aproposagorik...
Publicidad
Nonbait, ez zitzaion bururatu RAEk hiztegi bat duenik, sarean bertan eskuragarri, ezta CEOE-ren bulegoetan agian paperean ere badagoela hiztegi horren aleren bat edo etxean bertan izango duela hiztegia, dotore azaleztatua, apal sendo batean kokatua. Eska ziezaiokeen idazkarietako bati lan hori, jar zezala, zerrenda batean, gobernuak erabiltzen dituen hitzak eta haien esanahi zehatza.
Zertarako erabili hiztegia adiskide bat hitzen esparruaren erpinean badago. Erabil dezatela hiztegia pertsona arruntek, goi mailako adiskideak ez dituztenak. Enpresaburuen buruan dagoenak baditu beste aukerak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión