Bihar, etzi eta hurrengo egunetan izango da Gabon-kantarik han eta hemen. Mota guztietako kantak izango dira, oso ezagunak batzuk, ez hain ezagunak beste batzuk eta, agian, berriren bat ere bai tartean. Beti egon behar dugu ezustekoren baten zain.
Publicidad
Ezusteko horietako bat izan berri dut, posta elektronikoz. Gabon-kanta baten partitura eta audioa ziren. 'Aurtxoa troxatzen' dio izenburuak, eta partituraren goialdean datoz egileen izenak. Letraren egilea, Manuel Lekuona; musika-moldaketarena, Luis Urteaga.
Ez nuen kanta ezagutzen. Joan Luis Atxega adiskideak bidali dit. Usurbilgo parrokiako organista da, eta urteak daramatza Gabon-kantak jasotzen, ikertzen eta zaharberritzen. Berea ez da biltzaile huts baten lana. Ikerketa ere bada –musika norena, nongoa; testua, norena, noizkoa– eta, tarteka, egokitzea eta sortzea ere bai.
Lan sortzaile horren adibide polita da 'Haurtxoa troxatzen' Gabon-kanta. Azkenean, horrela ipini dio izenburua, funtsezko bi aldaketa eginda. Lehenengoa, testuan. Jatorrizkoan, Manuel Lekuonaren bi poematxo elkartuz dago osatua letra. Norbaitek, ordea, doinuaren moldean sartu ahal izateko, behartu eta desitxuratu egin zuen bigarren poema.
Baina bada besterik ere jatorrizko partituran. 'Troxatzen' dio izenburuan; baina 'txoratu', kanta barruko testuan. Kopiatzaileak-edo 'troxatu' hitza ezagutzen ez eta aldatu, akatsen bat izango zelakoan. Eta geroztik, 'txoratzen' kantatzen omen dute abesbatzek.
Publicidad
Joan Luis Atxegak, horretaz ohartuta, Manuel Lekuonaren lehen poema besterik ez du utzi; bide batez, 'troxatu' hitza zuzenduz. Merezi baitu hitz hori ere berreskuratzea. 'Troxa: Haur-oihala', dio Euskaltzaindiaren hiztegiak, ñabardura bat erantsiz: pluralean erabili ohi dela. Eta, ondoren, 'troxatu: troxetan bildu'.
Joan Luisen bigarren aldaketa, musikari berari dagokio. Dvorak-en 'Mundu berriaren sinfonia'-ren zati bat hartu eta Lekuonaren poematxoa egokitu dio. Emaitza, nirekiko, zoragarria da.
Dagoeneko, ia 600 Gabon-kanta badaramatza landuak usurbildarrak; euskal Gabon-kantak denak, euskal hitzez hornituak. Kanta bakoitzari, gainera, berari dagozkion azalpenak, musika-partitura eta audioa eransten ari zaizkio. Eta ez dirudi planto egiteko asmo handirik duenik. Egingo nuke 1.001 Gabon-kantetara ere iritsiko dela, martxa honetan. Zorionak, Joan Luis. Zorionak guztioi.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión