Atzo 152 urte –1869ko abenduaren 8an– hil zen Errenterian, baztangaz, izurrite-garaian, Juan Frantzisko Petrirena, Xenpelar bertsolari erraldoia, hogeita hamalau urte zituela. Gaur, besteak beste Antonio Zavalaren lan eskergari esker, eskueran ditugu hark bat-batean kantatutako zenbait bertso eta paperean jarritako bertso asko eta asko.
Publicidad
Jarritakoen artean, 'Iya guriak egin du' izeneko bertsoak izango dira ezagunenak. Zortzi guztira, doinu sarkorrez hornituak. Erraz entzun ditzakegu. Adibidez, YouToubez, Xabier Leteren ahotsean. Ezaguna dute hasiera zirraragarria: Iya guriak egin du, / badegu zeñek agindu; / ez oraindik umildu, / alkarrengana bildu; / gerra nai duben guziya, / berari kendu biziya.
Zirraraz zirrara egiten dute bertsoek aurrera. Laugarrenak ere bertsolari zorrotz baten ateraldi biribila du erremate: Ez naiz ni gerraren zale, / baizik pakearen alde; / zeñek nai duen galde, / berari tira dale, / bala bat sartu buruan, / aspertuko da orduan! Emaiok horri buelta.
Hala ere, zazpigarren bertsoa izango da ezagunena eta kantatuena: Gu gera iru probintzi, / lengo legerik ez utzi; / oieri firme eutsi, / naiz anka bana autsi; / jaioko dira berriyak, / gu gera euskal erriyak. Kantatzerakoan, ordea, 'iru probintzi' ez baina, 'zazpi probintzi' kantatu izan dugu. Bizirik egoten baitira testuak.
Testuak –eta bertsoak– testuinguru jakin batean sortu ohi dira, esanahi jakin batekin. Baina bizidunak izan ohi dira denak ere. Denbora aurrera joan ahalean, ñabardura berriak har ditzake haien esanahiak, testuinguru eta irakurle –eta entzule– berrien arabera. Eta hala, 'gu' hiru baziren duela mende eta erdi, gerora zazpi bihurtu ziren, hiritarren konszientzia politikoa garatu ahalean.
Publicidad
Baina ez da bakarrik konszientzia politikoa. Konszientzia ekologikoa ere zabalduz eta sakonduz doan neurrian, gizadi osoa – mundu osoko probintzia guztiak– hartzen du hasierako 'gu' txikiak. Eta gaur badakigu, salbatzekotan, planetarekin eta planetako bizidun eta bizilagun guztiekin batera salbatuko garela. Denok ala inor ez.
Eta hori ahanzteko zorian bageunden, hona non etorri zitzaigun pandemia hau gogoratzera, eta ez zaigun erraz joango. Mundu guztiarentzat txertoa izan eta mundi guztia immunizatu artean, mundu osoa gaude arriskuan. Denok gara gu, munduko herrialderik behartsuenetik hasita.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión