Aberats gutxi ezagutu ditut bertatik bertara eta gutxi horiek ez dute aberatsak direnik uste, batez ere beraiek aberatsen artean aberatsagoak ezagutzen dituztelako. Izan ere, ez dago irizpide bakar eta onartu bat aberatsak identifikatzeko, ez dakigu zenbat ondasun behar duen batek aberatsa dela esateko.
Publicidad
Errazagoa zen, aberatsei milionario esaten zitzaienean. Milioi bat zuena milioiduna zen eta kito. Gogoan dut nola begiratzen genuen kaletik Donostian milioi bana kostako ziren lehen etxeen eraikuntza, hondartzatik hurbil. Adinarekin bezala gertatzen da gaur aberatsekin, laurogei urtetako norbaitentzat berrogei urtetakoa gaztea dela, zaharra, berriz, nerabe batentzat.
Datuek diote pobreen eta aberatsen arteko tartea txikixeago dela gurean, baina jakin badakigu guk ere baditugula aberatsak, batzuk zergak hemendik kanpo ordaintzen badituzte ere. Baina ez dakigu apenas ezer aberats horiei buruz, ez ditugu ikusten, ez bada hedabideetako irudietan. Ikusten ditugu, hori bai, aberastasuna antzezten duten pijoak, ez, ordea, benetako aberatsak. Ez dugu sekula haiekin topo egiten ez egingo, ez dugu haien bizimodua ezagutzen, ez ditugu haien elkarrizketak entzuten, hain zuzen, beste mundu batean bizi direlako, aparteko gordeleku batean.
Gure herrian, hurbileko adibide bat aipatuz, aberatsen neskameak ikusten ditugu urtero kalean, dendaren batean, haurrak zaintzen, anbulatorioan, parkeetan. Horregatik dakigu etorriak direla udatiar aberatsak. Neskame horiek, uniformedunak eta uniformerik gabeak, gure munduan bizi dira, baina jabeak ez. Jabe horiek, gehienez jota, txangotxoak egiten dituzte gure mundura, sartu-irten laburrak, bidaldiak, baina ez dira bertan bizi.
Familiarengandik jasotako diruaz edo auskalo nola irabazitakoaz aberasten denak ikasten duen lehen irakaspena hori delako, aparteko gordeleku batean bizitzea komeni zaiola, kutsadura orotatik urrun. Pobreek ikusten gaituzte aberats izan gabe pobre ez garenok, gu kalean gabiltzalako, guk ez dugulako gordelekurik.
Publicidad
Eta ezjakintasun hori topikoz betetzen dugu, esamesez, irudimenaz. Horrela ikasi genuen aberatsek ere negar egiten dutela edo diruak ezin duela beti zoriona erosi. Nor bere burbuilan bizi da. Erdi mailakook ez ditugu pobreak apenas ezagutzen eta aberatsak ez gaituzte gu ezagutzen, are gutxiago pobreak. Hori bai, klase borroka aipatzea gaizki ikusia dago, esapide gaitzetsia da, zaharkitua.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión