Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

Galdera egiteko ordua

Bai horixe ·

Eskua altxatu duen gizonak ez du ikasi nahi, irakatsi nahi du

Ari zara hitzaldi bat entzuten eta ingurura begiratzerakoan ikusten duzu gehiengo nagusia emakumeak direla, gehienbat emakume helduak eta bertaratutako gizonak ez direla ehuneko hamarrera heltzen. Bukatzen da hitzaldia eta antolakuntzak galde-erantzunentzako tartea zabaltzen badu, seguru gizon batek eskatuko duela lehen hitza, baita bigarrena ere.

Publicidad

Kasu horretan emakumea da hizlaria, emakumeak antolatzaileak, emakumeak entzuleen gehiengoa. Bada lehenik hitz egingo duen gizonak ez du ikasitako zerbait eskertuko, ez du galdera soil bat egingo, ez du zerbait ikasi nahi duela adieraziko, inondik ere. Eskua altxatu duen gizonak irakatsi nahi du, berak besteek baino gehiago dakiela frogatu nahi du, are hizlariak esan duena baliatuta.

Eta bai, gizonak modu horretan izan dira heziak, lidergoan, artaldearen buruan egon behar dute, agintean. Emakumeok, alderantziz, ikasi dugu ez dugula nabarmendu behar, ez bada, ahal duenak, edertasunaren lehian. Hor bai, hor edozein ahalegin da zilegi, edozein neke onargarri. Beste lehia guztiak gizonezkoenak dira, guri artalde izatea tokatu zaigu, artalde isil eta esanekoa.

Hitza eskatu eta lortu duen gizonak ez du inolaz ere sumatuko aukera hori beste norbaiti lapurtu dionik, alderan-tziz, berez dagokion zerbait baliatzen ari dela pentsatuko du. Hori bai, adieraziko du bera gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde dagoela, horretan sinesten duela, guztiz. Gizona, ordea, ez da ikastera etorri, ikasia du ikasi beharreko guztia eta gehiago. Horregatik sentitzen du irakasteko premia, bere ekarpena egiten ez badu kontua herren geldituko litzatekeelako.

Batzuetan eskua altxatu duen gizona jantzia da, igartzen zaio eskolatua dela. Bestetan alderantziz gertatzen da, baina berdin zaio. Hitz egin behar du eta beste edonork baino lehenago. Bitartean, inguruko emakumeak marmarrean hasiko dira, mugitu egingo dira eserlekuetan, agian gizona isilarazi nahi lukete, bat baino gehiago damutu da hitza eskatu ez izanaz. Moderatzaileak ez daki zer egin, ez daki nola isilarazi hitz jarioa, ez luke modu autoritarioan jokatu nahi.

Publicidad

Hori guztia nabarmena izanda ere, hizketan ari denak ez du esan behar duena laburbiltzeko ahaleginik egiten. Sentitzen du eskuzabala izaten ari dela, besteek beharrezko dutena dohainik eskaintzen ari dela, egarriz dagoen lurra ureztatzen ari dela. Lasai asko itzuliko da etxera, eginbidea zintzo bete duenaren antzera.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad