Zubia
Reala Bartzelonaren aurka nola, hala sumatu dut euskara gaztelaniaren ondoan epaileen erabakiak tarteko
Bizikletan gustuko ibilbidea egin ezinda jarraitzen dut. Maite ditudan bazter batzuk igaro, tarte lauak aldaparekin tamaina egokian uztartu eta paisaia osagarriak aurkitzeko propio aukeratutako txangoa bertan behera geratu zait aspaldi honetan. Arrazoia? Zubi baten konponketa lanak. Ehun metro eskas izango dira baina... Ezin auzo batetik bestera igaro. Begi bistan dut bestaldeko errepidetxoa. Hortxe. Baina kilometro dezente egin behar bertara iristeko. Zer den zubia gero! Buelta eman eta martxa berrabiaraztearekin batera bi pertsonekin gogoratu naiz (naturan egindako ariketa fisiko eramangarriak garuna aktibatzen du).
Aita etorri zait burura lehen-lehenik, bere futbolarekiko kritika tarteko. Suntsitzea eraikitzea baino askoz errazagoa den kirola izanik, ez zaio gustatzen. Sarrera gogor horiek, faltak oro har, deuseztatu egiten omen dute besteen saiakera. Hala, ibilbidea osatu ezinda geratzen dira artistak nahiz eta gola hor gertu ikusi, norbaitek zubia birrindu duelako. Bigarrenik, Martin Ugalde ekarri dit zubiaren irudiak gogora. Biharko egunez hil zen duela hamaika urte. Zubigintzarako zeukan gaitasuna azpimarratu dute hobetoen ezagutu zutenek, euskaltzaletasunaz gain, noski.
Bada, euskararen normalizazioaren bidea ere zubiz beteta dago. Atzo Eusko Legebiltzarrean zenbait herri ordezkari eraikuntza lanetan ikusi nituen. Beste zenbaitek, aldiz, arerioa zangotrabatzea zuten helburu. Ez al dago faltarik? Non dago epailea? Beti bezala, txikiaren aurka, nola ez. Reala Bartzelonaren aurka nola, hala sumatu dut euskara gaztelaniaren ondoan. Gauzak horrela, Manuel Lasarteren bertsoa baino erantzun hoberik ez zait bururatu: «Biotz gogorrak eta bekozko illlunak/ikusi ditu gure lore usaidunak/asko izanagatik kontra ditugunak/oraindik bagera zu maite zaitugunak!».
Martin Ugaldek maite zuen, inork maite izan badu, gure hizkuntza, eta hari irakurri nion honako hau: «Gauzak pausoka lortu behar dira. Bestea iraultza izango litzateke, eta ni ez naiz iraultzailea». Hortaz, pausoak ematen jarraitu behar etorkizuna eraiki nahi bada. Oso udazkeneko hausnarketa hori, hots, datorrenerako prestatzearena. Lehendakariak berak iragarri zituen «garai ilunak» eta euskalgintzak ohartarazi du legea aldatu ezean negua datorrela. Lanera, bada, agintari agurgarriak! Lasartek ulertzeko moduan idatzi zuen: «Udazkenean bete ganbarak jenero goxo xamurrez/gero neguan aurkitu gabe zer janik ez ta bildurrez/ emen gizonak ez du sabela engañatuko gezurrez/da ez dan gauzik ez da erosten ez zillarrez da ez urrez».
Oztopo guztiei gola sartzeko bideak ere zubia behar du. Eta zubiak, adostasuna.