Basque drink and food
Euskal kulturaren agertoki izan nahi du Boiseko 'Jaialdia'-k. Egitarauan ez dut nabarmenduta ikusi bertsolaritzarentzat tokirik
Lantokiak zabaldu, antxe bear ari/etxean izateko jaki ta edari/oporrak bukatuak, nork eztaki ori?/ekin bearra dago berriro lanari». «Urtean illabete ongi etortzen da/arnasbide berri bat gogotsu artzen da/atsedenaldi ori goxoa izan da/baiña mundu onetan dana bukatzen da». Nire oporrak bai behintzat. Hemen naiz berriro ere lata ematen. San Inazio biharamunean eta Sanixteban bezperaren bezperan. Nola ez ekarri gogora Inazioetan Inazioena, Basarri maisua –harenak aurreko bertsoak– eta nola ez goraipatu gaur Oiartzungo semerik kutunetakoa. Herenegun bete ziren 38 urte On Manuel Lekuona gure artetik joan zitzaigula. Batak honela omendu zuen bestea: «Ilun da goibel zeuden zokoak don Manuel'ek argitu/zikin tatxarik ikusten bazun aguro asko garbitu/euskeran alde arrigarrizko mirariak egin ditu;/etenik gabe beti lanean, ar bat aña ez gelditu/ai, Euskalerri maitagarriak Lekuona asko balitu!». Ezetz ChatGPT txit agurgarriak halakorik bota!
Oporretan kopuru txikietan eroso ibili naiz. Denetik gutxi: sosak, joan-etorriak, petralaldiak, whatsapak, galtzontziloak... Gobernatu behar izan dudan kopururik potoloena alabaren minutuena izan da. «Eman minutuak, ama!», eskatzen zuen bizitza birtualean murgiltzeko. Nik ez dakit nola egiten den kontzesioa, intsumiso digitala izanik, baina eztabaidari ezin uko egin.
Bueltan, ordea, zenbaki erraldoiek zorabiatu naute. 3.562 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu Iberdrolak azken urtean. CAFek 1.695 milioi euroko kontratua lortu du Belgikan. 155.444 bidaiari sartu dira Gipuzkoara ekainean. «Asko ala gutxi?», galdetu ohi dugu. Inoiz ez, «nahikoa?». Miren Irigoien Gipuzkoako Batzar Nagusietako itzultzaileak ohartarazi zidan zein zaila den euskaraz 'mila' eta 'milioia' bereiztea. Niri, behinik behin, hamazazpi mila milioi esan edo zazpiehun mila, igualtxo.
Dimentsio erraldoien lagun dira, aitzitik, Boisen. Han ospatzen da egunotan euskal diasporaren 'Jaialdia'. Egitaraua begiratzen hasi eta bospaseitan irakurri dut «drink and food», baita «traditional farm sports» (herri-kirolak) eta «basque music» ere. Ez dut bertsolaritzari eskainitako tarterik topatu. Barkatu oker banabil. Akaso hango artzainen batek botako du baten bat. Baina esanguratsua iruditu zait. Barkatuko didazue harrikada etorri berritan. On Manuel Lekuonak ere erdaldun giroan halaxe bukatu zuen hitzaldi bat: «Mi charla ha ido tomando tono y aire de verdadera apología. Perdonadme. Es la expresión de mi anhelo –hondísimo anhelo– de ver rehabilitada en la apreciación teórica y práctica de los vascos, a nuestra ignorada poesía popular». Eta biribiltzeko: «He dicho». Nik ere esan dut bada.