Ahazten diren gauzak
Zorionekoak parrandatik edota oporralditik, kostata bada ere, etxera itzul gaitezkeen lehen munduko biztanleok
Euskal Herriko biztanleria bi multzotan sailka daiteke urte sasoi honetan: herriko jaiak atzean utzi dituztenak eta haien zain daudenak. Lehenengotarrak berriki biziko zenuten, noski, oso udakoa den fenomenoa. Azaltzeko hitz egokiak Aritz Gorrotxategiri lapurtu dizkiot: «Etxeko hoztasuna izaten da azken geltokia, ahalik eta gehien geroratzen saiatzen dena (...) Etxerako bidea gero eta geltoki gehiagoz betetako bidea da, luzamenduz koroatutako erromesaldia». Ipuin bilduma batean irakurri diot. Haren izenburua, ezin iradokitzaileagoa: 'Ahazten diren gauzak' (Erein).
Lehenago edo beranduago hartu beharrekoa da, era berean, etxerako bidezidorra oporretara kanpora goazenean. Liluratuak batzuetan, gogaituta besteetan; hustuta gehienetan –gorputz, arima eta patrika– eta dezepzioak jota adierazten duguna baino gehiagotan. Izan ere, bidaiari –benetakoari, esan nahi da– ez diogu nolanahiko xedea eskatzen: harridura piztea eta, ahal bada, aurreiritziei astindu bat ematea, erosotasunari nahiz plazerari uko egin gabe betiere.
Abuztuaren erdialdean, duela dozena urte, Amets Arzallusek halaxe zorroztu zuen bere gogoeta bertso honen bitartez Indiara joandako euskaldun baten azalean kantatuz: «Urrutitikan badu hamaika zapore edo kolore/urrutitikan iduri luke dena eder, dena lore/baina hona etorri ta dena txarra eta eman dut amore/ta okerrago bizitzekotan etxean egonda hobe». Asebete ez gaituen egonaldi horrek ere aberas gaitzakeela gogorarazi zuen saio berean: «Paradisuan aurkitu nahia infernu zuloko giltza/hauxe da, eta gu oporretan leku beltzetan gabiltza/halare badut poz bat barnean ta ematen dizut hitza/lehen baino hobea izango dela gure etxeko bizitza».
Edonola, zorionekoak parrandatik izan ala oporralditik, etxera itzul gaitezkeenok! Milioika dira munduan zorte hori ez dutenak. Horienak bai penak. Astelehenean hasiko dira Kanariar Uharteetara iritsi diren eta inoren kargura ez dauden adingabeak Espainiako erkidegoetan barrena banatzen. Etorkin famili bateko aita gisa abestu zuen behin Andoni Egañak, nora zihoazen semeak galdetuta: «Afrikatikan aldegiteko bagendun hainbat gogo-ta/orain uretan ari gera gu haize gogorraren kontra/Pasa ditugun egun gorriak ia ez ditzaket konta!/Seme etzan zaite lota branka arteko egur honta/nora goazen ez dakit eta galdera hori ez bota.../noranahi ere mundu hobera txarragorik ez dago-ta!».
Hortxe dago errealitatea, setati, mundu hobe horri deiadarka. Alabaina, Aritz Gorrotxategik esan bezala, «gu geu gara gogoratzen dugunaren eta ez dugunaren erantzule».