Ez dut uste ezkerrari bakarrik gertatzen zaionik, baina ezkerrari, behintzat, gertatzen zaio. Edozein txikikeria bilakatzen da mendi, edozein desadostasun gudu, edozein desberdintasun arrakala, edozein tanta zaparrada.
Publicidad
Hori bai, gehienetan barruan, ingurukoen artean, ez kanpoko eta barrukoen artean. Hortik ezkerraren madarikazio gaindiezin dirudiena, taldetxo bat lortu bezain laster dator zatiketa, naturaren lege fisiko bat balitz bezala, erremediorik gabe, nor bere burbuila orbangabean gozo, kutsadura guztietatik urrun. Gutxiago, baina garbiago.
Eskuinean ere gertatu izan da, hementxe bertan eta zatiketa hark eragindako arrakala bizirik dago hamarralditan, are zatiketa bizi izan ez zutenen artean. Baina gauza da ez dudala esparru hori ezkerrekoa bezain ondo ezagutzen eta agian ezjakintasun horren ondorioz iruditzen zait zatiketarako joera errotuago dagoela ezkerrarengan, alderdi politikoetan nahiz herri mugimenduetan.
Orokorrean, gauza batek baino gehiagok berdintzen ditu politikaren munduan ezkerra eta eskuina, onerako nahiz txarrerako. Haien artean alderdien barne antolamendua antzekoa da oso. Horretan behintzat asmatu zuen Leninek (barkatu biraoa), alderdien barruko diziplina goitik behera antolatzen baita edozein esparrutan.
Badago ezkerra eta eskuina berdintzen dituen beste kontu bat. Bietan entzun eta irakurtzen dituzu urtetako militantzia modu berean ikusten duten pertsonak, modu bertsuan adierazten dizute asko eman dutela, erruz, eta heldu dela beste lehentasun batzuk hobesteko garaia. Nik asko eman dut, bizitzaren zati handi bat edo bizitza osoa. Eman eta eman, bitartean jaso dutena aipatu gabe, edo, behintzat, jasotakoa emandakoa baino gutxiago delakoan.
Publicidad
Berdintsu gertatzen da alderdi politikoetatik kanpo ere, adibidez, gizarte mugimenduetan jardun duen pertsona askoren kasuan, emandakoa dutela gogoan taldetik aldentzeko orduan, ez eman bitartean jasotakoa. Horrek ere bultza dezake zatiketa, gehien eman dutela uste dutenek susmopean jartzen baitituzte, sarritan, beraien ikuspuntutik gutxiago eman dutenak. Eta hori guztia tartean kargu ordaindurik ez dagoenean
Zatiketarako grina ez baita soilik alderdi politikoetan gertatzen. Zorte hori dute aldaketa aurrerakoiak nahi ez dituztenek, aurrean duten tropak indar asko galtzen duela txikikeriatan, barruko kontu tristeetan, arerioa non dagoen ahaztuta, ia-ia zeren alde borrokatzen diren ahaztuta.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión