Euskara zaila dela

Bai horixe ·

Munduko haur guztiak adin bertsuan hasten dira hizketan, edozein hizkuntzatan

Zenbat eta gehiago dakizun gai bati buruz edo esparru zehatz batean, orduan eta nabarmenago egiten zaizu ez dakizun guztia. Era berean, zenbat eta gorago gizartean, orduan eta barkaezinago da ezjakintasunaren zuloren bat, askotan leize ere bilakatzen dena.

Publicidad

Lehen adibide gisa aipatu nahi dudana duela aste gutxi gertatu zen. Jendaurreko gertakizun batean izan zen. Bertan, Espainiako gobernuko kide den Irene Montero eta Madrilgo Abokatuen dekano den Jose María Alonso. Bada jaun agurgarri honek txanpon baten aldeak bailiran aipatu zituen matxismoa eta feminismoa. Edertasun lehiaketa batean barkagarri izan daitekeena, barkaezina da abokatu batengan. Ez du oraindik ikasi matxismoa diskriminazioaren adierazpena dela eta feminismoa eskubide berdintasunarena.

Egunotakoa da bigarren adibidea. Gasteizko epaile batek, Ana Mª Martinez, Laudioko Udaleko langile ohi baten alde egiterakoan, ebatsi du 'euskara munduko hizkuntzarik zailenetakoa dela' eta beraz, ezin zaiola udal langile bati euskara eskatu. Kasu honetan mingarria da benetan baieztapen hori, ez duelako kaleko pertsona ezjakin batek egin, epaile batek baizik.

Laudioko udalak helegitea jarri du eta auzia berriz eztabaidatzen den bitartean, ausartuko naiz erabakian parte hartuko duten epaileei urte mordoxka duen liburu bat gomendatzera. La dignidad e igualdad de las lenguas du izenburu, Juan Carlos Moreno Cabrerak idatzi zuen eta Alianza Editorialek argitaratu.

Argudio asko daude bertan, ikerketa zientifikoetan oinarrituak eta horien artean bakarra aukeratuko dut. Munduko haur guztiek, edonon jaio direla, edozein hizkuntzatan hitz egiten zaiela ere, adin bertsuan hasten dira hizketan. Bada, euskara 'zaila' izanik, haur euskaldunak beste edozein hizkuntzan hezi direnen adin bertsuan hasten badira hizketan, horrek esan nahiko luke haur euskaldunak munduko azkarrenak direla, gainerakoak baino azkarrago.

Publicidad

Aurreiritziei amore eman gabe esan daitekeen gauza bakarra hauxe da: hizkuntza guztiek dutela antzeko zailtasuna, batzuk esparru batean kokatua, beste batzuk beste esparru batean. Eta, horrekin batera, baieztatu dezakegu bigarren hizkuntza bat ikasterakoan, batez ere haurtzaroa atzean utzi ondoren, zailagoa egingo zaizula bigarren hizkuntza hori lehen hizkuntzatik urrun badago.

Epaileek erabaki behar dute nori kasu egin, linguistikari ala tabernetako edo sare sozialetako zurrumurruei.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad