Jarri zara telebistari begira, ohiko duzun albistegiaren zain, negu honetako edozein egunetan. Desagertu da pandemia, itzali sumendia. Orain, guztia da Ukraina eta gerra. Badakizu gerraren azken notiziak kontatuko dizkizutela, istorio hunkigarriak barne, baita ere gerra horrek gugan izango duen eragina.
Publicidad
Hasten da albistegia eta minutu gutxiren buruan erregaien prezioen gorakada amaiezina aipatzen dute eta, ikusleak ez dezan pentsa ez gaituztela gogoan, aipatzen dute hainbat etxetan berokuntza sistemak erabiltzeko dituzten oztopoak. Kontatzen dizute nola dauden pertsona asko etxean, bizpahiru jertse soinean eta bizkarretik behera edo belaunen gainean, tapaki bat. Kontatzen dizute etxe batzuetan afaldu bezain laster oheratzen direla, hamaika mantaren azpian lortzen dutelako gutxieneko epeltasuna.
Eta hori guztia mahukarik gabeko soinekoa daraman emakume gaztearen ahotan eta negu gorrian. Hori bai, azaltzen den gizon aurkezleak trajea darama, alkandora, jaka eta guzti. Neska aurkezleari, berriz, egoki iruditzen zaio daraman janzkera, besoak erakutsi nahi dituelako edo, esanak esan, bost axola zaiolako ikuslearen balizko hotza.
Noski, gerraz hitz egiteko ez du zertan buruan kasko bat eraman, edo txandala kirolen tartea datorrenean. Baina muturretik muturrera joan gabe, albistegi horren arduradunak jakin beharko luke ze testuingurutan dabilen, nola aholkatzen zaigun arropa gehiago eta berokuntza gutxiago, diru faltan edo diru eskasian ez daudenek ere klima aldaketaren kalteak jasango dituztelako.
Egia da Ukrainako buruzagia antzeko tenorean ikusi dugula telebistan bere jendeari hitz egiten, kalean tenperatura zero azpitik zegoenean. Agian Fidel Castro gogoan, oliba-berdez jantzita, baina soinean mahuka motzeko elastikoa besterik ez. Zelenskyri eta haren ingurukoei ez zaie momentu horretan gogora etorri mezua jasotzen duen asko berogailurik gabe dagoela, hotzak akabatzen gordeleku ilunetan, berokia eta eskularruak soinean.
Publicidad
Nik behintzat ez dakit zehazki noren esku dagoen albistegietako aurkezleen janzkera. Dakidana da norena den ardura, nork esan dezakeen negu gorrian ez dela aproposa mahukarik gabeko soineko bat. Erantzun desberdinak jaso izan ditut bertako telebistan kontu honi buruz galde egin izan dudanean. Esan didate aurkezlearen erabaki pertsonala dela, hark erabakitzen duela zer jantzi. Horrela balitz ere, horrek ez du arduradunaren erantzukizuna ezabatzen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión