Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

Entxufe baten bila

Bai horixe ·

Aukera hori eskura duenak gutxitan egiten dio uko bultzada horri

Lanpostu bat lortzeko prestakuntzaren bat behar izaten da, trebetasun batzuk, gaitasunak. Hortik aurrera bi bide nagusi zabaltzen dira, lehiaketa ala zuzeneko hautaketa. Gaitasuna, titulu eta guzti, nahiko izango da lanpostu bat lortzeko? Batzuetan bai. Askotan beste ezer baino eraginkorrago den zerbait behar izaten da, gomendioa, entxufea.

Publicidad

Horretarako bidaltzen ditu hainbat gurasok haurrak eskola zehatz batera, erabakia garesti ordaindu behar badute ere. Loturak kateatu ditzaten, etorkizunean onuragarri gertatuko zaizkien harremanak erein ditzaten, familia edo klana iristen ez den lekuraino heldu daitezen. Infernuan ere adiskideak behar izaten direlako. Eta hori entxufeak lortzeko beste bide zabal bat ahaztu gabe: alderdi politikoak.

Besterik dio teoriak, hitzetan behintzat lanpostua lortu nahi duen norbanakoaren merituak neurtzen dira, ez jatorria ez beste. Praktikan, ordea, guztiok dakigu zenbat balio duen entxufe batek, are ustez erabat alderdikeriarik gabeko diren azterketetan. Norbaitek aldez aurretik azterketan egingo diren galderak helarazten badizkizu, adibidez, emaitzak hobetu egingo dituzu eta baditugu jokaera horren adibide hurbilak.

Normalean, herritar arruntontzat susmagarria da halakoaren semeak edo arrebak familiako edo hurbileko norbait botere gunean duen lekuan bertan lanpostu bat lortzea. Entxufe, ebazten dugu edo hitz dotoreak maite baditugu, nepotismoa aipatuko dugu. Erabakiaren ardura dutenek, berriz, esango digute ez dela inondik ere horrelakorik gertatu, aukeratuaren merituei erreparatu dietela soilik, ez dela norbait familia honetakoa edo hartakoa delako zigortu behar, ezin zaizkiola horregatik aukerak ukatu.

Nire adiskide batek kontatzen du ez hain aspaldi gertatu omen zitzaion zerbait. Enpresa berean lankide bezain adiskide zuen norbait izendatu zuten zuzendari eta aukeratuak, inork entxufe kontuak aipatu ez zitzan, ez zion adiskideari behar adina aukera eskaini, zuzendaria adiskide zuelako oztopatu egin omen zen nire adiskidearen bidea. Garbitasunari garbizalekeria gainditu zitzaiolako.

Publicidad

Izan daiteke egia, izan daiteke nire adiskideak bere buruari eskainitako aitzakia. Baina gauza da entxufe bat lortzeko aukera duenak gutxitan egiten diola uko aukerari, gehienetan onartu egiten duela bultzadatxoa, eskura dituen aitzakiak erabiliz. Norberaren kasuan entxufea garrantzirik gabeko zerbait da, besteen kasuan, bultzada eraginkorra.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad