Emakumeon gorputza
BAI HORIXE ·
Emakumeon gorputza beti dago eztabaidaren erdian. Lehenik itxura, gero, jardunaMendeak joan, mendeak etorri, milurtekoak joan, milurtekoak etorri eta emakumeon gorputzak eztabaidagai izaten jarraitzen du. Molde eta aitzakia desberdinak izango ditu eztabaidak, baina funtsa ez da aldatzen, emakumeon itxura beste ezer baino lehen. Hamaika aldiz eztabaidagarriago, debekagarriago de emakumeon gorputza, batez ere emakume hori zahar izatera heltzen ez den bitartean.
Historiak eta literaturak kontatzen digu zeienen zirraragarria izan zitekeen gizonezkoentzat emakume baten orkatila ikustea. Handik hamarraldi batzuetara orkatilak galdu zuen lilura, belaunaren faboretan. Hogeigarren mendearen erdialdean modak belauna biluztu zuen arte. Hortik minigonak sortu zuen iskanbila.
Gorputz atal desberdinak tokiko ohituren, tokiko kulturaren arabera. Gogoan dut Indian edozein adineko emakume askok kalean erabiltzen zuen eskote niretzat deigarria, trukean, zangoak estaltzen zituzten bitartean, bikiniaren azpian galtzerdi gardenak janzteraino. Gogoan dut ere hemengo hondartza eta igerilekutan bikinia debekatua zegoela eta gure ama zenak kontatzen zuen Donostian gorputza soineko zahar baten barruan gordeta bainatzen zirela itsasoan joan den mendearen hasieran.
Eta hori guztia, ilea aipatu gabe. Hor, emakumeen ilean biltzen dira gure artean azken urteotan eztabaidarik sutsuenak. Herrialde batzuetan jendaurrean buruko zapia kentzeak iraultza izena merezi du eta aski da han emakume baten ilearen xerlo bat begi bistan uztea, gogoz ala jabetu gabe, heriotzaraino doan zigorra jasotzeko. Deabrua emakumeon ilean ezkutatzen omen da.
Mundu bazter honetan ere eztabaidatzen dugu neska batek eskolan burua zapi batez estalia eramatea zilegi den ala ez. Gizonezkoen janzkerak edo itxurak ez du arreta bera merezi, salbuespenak salbuespen. Emakumeon gorputza, berriz, beti dago eztabaidaren erdian, orkatila dela, belauna edo, azken boladan, arroparen azpian nabarmentzen diren titiburuak. Utikan.
Jendaurrean lan egiten duten emakume guztiek, zer esanik ez telebistan lan egiten dutenek, jakin badakite aipatuko dieten lehen kontua itxurari buruzkoa izango dela, janzkera, orrazkera, makillajea. Beti itxura aurrenik, ondoren mamia, ondoren, jarduna. Batzuetan, itxurari dagokiona ez da izango soilik lehen komentarioa, bakarra baizik. Emakumeok, beste ezer baino lehenago, gorputz bat gara, hortik gizarteak eta geuk itxurari ematen diogun garrantzia.