Esan dezaket hotzikarek hartzen nautela eliza katolikoak kudeatutako hainbat ikastetxetan hamarralditan gertatu dena entzun eta irakurtzerakoan. Baina hotza eta ikara batzen dituen hitza ez da aski hainbeste apaiz edo fraideren jokabidea deskribatzeko. Nazka bera ez da aski. Zenbat eta lekukotasun gehiago azaleratu orduan eta sakonagoa da eragindako oinazearen putzua eta, gainera, kontu honek hasi besterik ez du egin. Entzuten genituen antzekoak Irlandan, Frantzian edo Estatu Batuetan eta jakin bagenekien Euskal Herriak ezin zuela salbuespen izan, ez bada isiltasunaren sakonarengatik.
Publicidad
Oraingoz jakin dugunaren arabera, elizgizonek eragin dute minik handiena eta mutilak aukeratu dituzte edo mutilak suertatu zaizkie aldamenean menderatu gabeko grina asetzeko orduan. Neskak ere bai, baina gutxiago eta oraindik apenas entzun dugun antzeko zerbait mojen eskutik. Agian sekretu bikoitza.
Nire bigarren eskola ere moja eskola zen eta astean behin apaiz bat etortzen zitzaigun dotrina ematera, gure dotrinatzeak zirrikituren bat izan zezakeelakoan. Ez dut gogoan apaizaren izena, ezta zertaz mintzo zitzaigun ere. Nerabe ginen sasoi hartan, baina ez genuen hitza ezagutzen.
Gogoan dut apaiz haren itxura: luzea zen, mehea, hezurrak besterik ez sotana luze beltzaren azpian eta handik kanpo lepo luze gihartsua eta soildutako buru argia. Kandela itxura jartzen dio nire memoriak hainbeste urteren buruan, edo pospolo batena.
Hitzaldia bukatutakoan apaizarengana hurbiltzen ginen, oiloak janaria banatzen duenarengana nola, eta apaizak zirri batzuk banatzen zituen, aurpegietan, ipurdietan. Gero, apaizak alde egin ondoren, horrelako fereka jaso zuenak besteei kontatzen zigun gertatutakoa, lotsarik gabe, ia harro, aukeratua izanagatik. Niri ez zitzaidan sekula halakorik gertatu, agian ez nintzelako nahikoa hurbiltzen edo luzaroan ume itxura izan nuelako ez nintzaion erakargarri. Huskeriak, orain entzun eta irakurtzen ditugun torturen ondoan.
Publicidad
Ez da erraza gaurko eliza katolikoaren egoera eta ez dakit nik zein den benetako aitorpen bat egiteko modurik aproposena, nola arindu daitekeen eragindako mina. Basakeria haien biktimak eszenatokiaren erdian jarri behar direla da dakidan gauzarik nabarmenena. Eta hamarralditan itxita egon diren ate eta leihoak zabaldu behar direla, hain luzaroan ezkutatutakoa aitortu eta torturatzaileen izenak aipatu.
Hori gutxienez, infernu hura errepika ez dadin.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión