Doinua

BAI HORIXE ·

Musean beti hordagoka ari den bati, azkenean ez dio inork sinesten. Hasieran ere ez

Frantsesez irakurtzen ere ikasi genuen. Hizketan, apenas. Mari Karmenek, bai, Mari Karmenek egin zituen moduak hizketan ere ikasteko. Maistra-ikasketak egin zituen gero, eta oposizioak gainditu. Alabarekin eta txakur batekin bizi zen, ezagutu nuenean.

Publicidad

Mari Karmenek garrantzia ematen zion frantsesa ikasteari. Eta metodo polit bat ere asmatu zuen, alabak txiki-txikitatik frantsesez ikas zezan. Horretarako, zer egokiagorik txakurrari frantsesez egitea baino? Alabari frantsesez zuzenean egin beharrean –zertarako?, ez zion ulertuko eta–, txakurrari egin. Hala, alabaren belarria ohitzen joango zen eta, bide batez, esaldi solte batzuk ere ikasiko zituen.

Metodo politagorik! Hala aitortu nion Mari Karmeni berari ere. Eta, bide batez, jakin nahi izan nuen nola moldatzen zen nahi zuena adierazteko zakurrari. Frantses esaera zahar batekin erantzun zidan: «C'est le ton que fait la chanson». Hainbeste ulertu nion, eta gogoan hartu. Betiko. Horixe izango da dakidan frantses esaera zahar bakarra.

Esaera ezin egokiagoa da, besteak beste, galdegaia zer den azaltzeko, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz eta frantsesez ere. Gauza bera baita galdegaia hiru hizkuntzetan: azken batean, doinu kontua. Baina oraindik ez da ikasturtea hasi. Oraingoz, nahikoa izango da esaera itzultzea. Hona hemen, 'doinua' galdegai duela, esaldiaren buruan eta doinu bereziaz, enfatikoaz: «Doinuak egiten du kanta».

Eta orain, bai, has gaitezen kurtsoa prestatzen –kurtso akademikoa, laborala, politikoa, sanitarioa edo dena delakoa–, helburuak finkatuz lehenbizi. Arreta berezia eskain diezaiokegu, aurten, harremanetako doinua zaindu eta lantzeari. Ea pixka bat hobetzen dugun.

Publicidad

Norbaitek esango dit txatxukeria dela hori. Azaletik hastea dela, sustraietatik hasi beharrean. Berak dioska hitz egiten ikasi zuela soldaduskan, bestela han ez zuela-eta inork kasurik egiten. Hala izango da, beharbada. Ez nuen soldaduskarik egin. Baina musean beti hordagoka ari den bati, azkenean ez dio inork sinesten. Hasieran ere ez. «Zertan harro, hartan herren», gogorarazten digu etengabe haren doinu salatariak. Gezurtia baino herrenagorik!

Ez. Doinua ez da azalkeria eta itxura; kantaren eta harmoniaren bihotza baizik. Doinua zaindu ezean, berehala nagusi dugu armonia –errieta, sesioa eta demanda–.

Bi hilabete barru, lehenengo ebaluazioa. Ekainean, kurtso-amaierakoa.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad