Desastrea

BAI HORIXE ·

Kristiandadian izenarekiñ/ gizon iltzera biajia/moro edo salbajia/ura da aien parajia/Jaun Zerukuak lajia

Desastrea deitzen zaio, Annual-eko desastrea. Eta gaurko egunez hasi omen zen gauzatzen, gaur ehun urte, 1921eko uztailaren 22an. Eta abuztuaren 9an burutu. Afrikako iparraldean, Marokon, Rif izeneko lurraldean, Annualen, Melilla eta Ceuta bitartean. Tropa marokoarrek ekin eta tropa espainolek jasan desastrea. Internet baliatuz egin dut laburpena. Osatzeko, nahi adina informazio bada Interneten bertan edo liburuetan. Aurten bertan argitaratu dira 'El vuelo de los buitres', Jorge Martínez Reverte kazetari hil berriarena, eta 'El desastre de Annual', Gerardo Muñoz Lorentek idatzia.

Publicidad

Egia esan, xehe-xehe kontatzen dituzte gauzak liburu horiek; xeheegi ere bai, soldaduska egin ez genuenok bezalako irakurle xeheentzat. Eta, hala ere, motz eta kamuts geratzen dira xehetasun guztiak. Hain da xehatu ezina halako ankerkeria batek gizon, emakume eta haurrengan eragindako oinazea eta sufrimendua. Urrutiko eta aspaldiko kontuak, esango dugu. Halakorik uste gabe joan zitzaion Lesakako ama bat, Paulo Iantzi bertsolariari bertso eske. Hogeita bost bertso jarri zituen Paulok 1922an: «Afrikako gerrarenak». Handik 46 urtera, «Ai, hori begi ederra» doinuaz kantatu zizkion Antonio Zavalari Pauloren seme Pepitok –bai: 'Los Xey' taldeko kantari hark berak–. Pepitok pasarte polit askoa ere kontatu zion Zavalari: «Aunitz mutil, herriko eta herri ondoko, eraman zituzten Afrikako gerrara. Egun batez, gure aita lrunen suertatu zen, eta han aunitz mutil gazte, instruzionea ikasten. Gero, mutilak kuartelera zoaielarik formatuak, aditu zuen nola andre batek erran zion aitzinean zoaien mutil bati: 'Ez alde horretara joan! Joan bertze alde horretara!'. Eta Frantzia erakusten zion eskuarekin».

Sentimendua eta amorrua darizkie bertsoei. Hainbat amaren nahigabea eta militar galoidunekiko amorrua. «Bete besuak galoiez / zillar ta urre-kolorez / agindu modu gogorrez / artu ta eramen gure semiak / azitakuak dolorez / ez dute eskatzen faborez / batek nai badu eta ez / lur bustitzera odolez». Baina bada besterik ere bertsoetan. Salaketa: «Kristandadian izenarekiñ / gizon iltzera biajia». Eta buru-argitasuna: «moro edo salbajia / ura da aien parajia / Jaun Zerukuak lajia». Zer bertso ez ote lituzke jarriko Paulo Iantzik, ehun urte geroago, gaur dakiguna jakinda: 100 milioi gizaki baino gehiago hil zituela gizakiak berak XX. mendean!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad