Askok daramagu inkisidore txiki bat geure baitan. Gutako batzuek, handi xamarra ere bai. Esterako, urtetan euskarazko testuak zuzentzen aritu garenok. Euskaraz zertxobait oker edo oker xamar dagoela ikusi edo aditu orduko, tak!, azkar asko sumatuko dugu inkisidorearen ahots isil salataria.
Publicidad
Morroi guztiak bezalaxe, morroi ona da inkisidore txikia; morroi ona, baina nagusi txarra. Aukeran, hobe soka motzean lotuta edukitzea, lainezarik eman gabe. Bestela, laster hasiko zaigu auzoa ere gobernatzen. Ez du askorik behar izaten nazkantea jartzeko ere. Eta, pixka bat deskuidatuz gero, ez dizu utziko euskal telebista lasai ikusten eta entzuten.
Baina, arrazoi duenean, komeni izaten da aintzat hartzea inkisidore txikiaren ahotsa. Orain bezala, salbuespen modura. Leku txiki bat eskainiko diot zutabe honetan, nahiz eta aspaldi xamar hitz eman nion neure buruari ez niola inongo inkisidoreri hemengo leihorik txikiena ere zabalduko.
Lehengo batean, euskal telebista ikusten ari ginela etxean, esatariak zer esango eta «Dagoeneko hasi da estropada-denboraldia». Isilik gelditu zen nire inkisidorea; lotan egongo zen. Ez, ordea, alboan nuen lagunarena: «Dagoeneko! Dagoeneko? Zertara dator 'dagoeneko' hori?». Arrazoi eman zion nire inkisidore txikiak, lozorrotik irtenda.
Nola edo hala, berehala egin genituen bakeak denok ere. Nahikoa dela «Hasi da estropada-denboraldia», alferrikako eranskinik gabe. Badaezpada ere, ez ginen ur handiagotan sartu.
Ekainaren erdialdean, berriz, beste esatari baten jardunak asaldatu zituen gure inkisidore txikiak. Grafikoen bidez, egoki azaldu zuen zenbat euri egin ohi duen ekainean, batez beste, azken urteetan Euskal Herrian. Eta ondoren, erantsi zuen gutxi gorabehera: «Aurten, honezkero, gainditu ditu batez besteko horiek». Ia-ia jauzi egin zuten gure inkisidore txikiek: «'Aurten, dagoeneko' izango da, ba?».
Publicidad
Kontuak kontu, kentzen hasi gara maskarak, maskarillak, musukoak edo dena delakoak, kalean ibiltzeko behintzat. Eta, dagoeneko, ohitzen hasiak gara lehengo ohitura zaharretara. Hala ere, honezkero, musua okertzen hasia izango da lantu-zaleren bat.
Baina ez da haserre nire inkisidore txikia, Frantziako Tourra ere hasi dela eta. Gustukoak ditu, nonbait, horren berri ematen duten ETBeko esatariak. Txintik atera gabe egon ohi da horiei entzuten. Ni ere bai, gustura asko. Biba Zuek!
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión