Bat bitan zatitu
Bai horixe ·
Suteak aurtengo udan ikusi ditugunen pareko izatera hel daitezkeIndar politiko baten edo herri mugimendu baten zatibitze bat bizi izan duenak ondo daki zeinen mingarria den, baina aukera hori izan ez dugunok nekez ulertuko dugu zenbat irauten duten zatiketa horrek eragindako zauriek. Urteak, hamarraldiak, batzuetan bizi-tza osoa kaltetzeraino eta beti zauria berriz ere odoletan hasteko zorian, edozein aitzakia dela medio, sendaezin.
Garratza da politikaren mundua, agian are garratzagoa ezkerraren kasuan. Hedabideetara salto egin duen azken zatibitzea ezker abertzalearen gazteei dagokie eta hor ikusi dugu nola bilaka daitezkeen etsai bezpera arte lagunkide eta konplize izan direnak. Ez da ezkerraren esklusiba, baina bai ezkerraren madarikazio moduko zerbait, biologiaren lege bat balitz bezala bete-tzen dena, behin zelula kopuru bat sortu ezkero, zatiketa dator, ezinbestean, halabeharrez.
Antzeko zauriak gertatzen dira dibortzioekin. Guztiok ezagutzen ditugu ataka horretatik dotore atera direnak, ia-ia onik. Ugariagoak dira, ordea, dibortzioaren zauria ezin sendaturik dabiltzanak, urteak joan, hamarraldiak etorri, dibortzioaren ondorengoak bizi-tza osoa kutsatu arte. Mende erdi pasa da hemen dibortzioaren legea berreskuratu genuenetik eta oraindik ez dugu ikasi nola ekidin kalteak edo, gutxienez, nola murriztu ondorio gaiztoak. Are gehiago, hainbat ez da ahalegin-tzen ere, gorrotoak hartzen duelako gaina.
Mingarriak izan daitezke dibortzioak, baina gutxitan esparru politikoan gertatutako zatibitzeak haina. Hor, askotan zatiketa eragingo duen lehen txinparta zein den ahaztuta ere, ez da ezer errespetatzen, ez adiskidetasuna, ez familiako loturak. Txinpartak su txiki bat sor dezake eta su hori itzaltzen edo bideratzen ez bada, sutea aurtengo udan ikusi ditugunen pareko izatera heldu daiteke.
Txinparta. Horren azpitik dago batez ere ezkerrari dagokion joera, garbizalekeriara heltzen den garbizaletasuna. Ni garbiagoa naiz, nahasgabeagoa, kutsadurarik gabekoa. Zuk, honetan edo hartan, amore eman diozu sistemari edo (kasurik gogorrenetan) saldu egin duzu zeure burua. Nik, berriz, nahiago lagun gutxi inguruan baina, hori bai, kutsatu gabeak, ni bezain garbiak eta batez ere zalantzarik gabekoak.
Esparru horretan ere badira hamarraldiak zuzenean horrelakoak ikusi ditugula eta ez dugu oraindik ikasi nola kudeatu desadostasunak iritzi edo uste desberdina duena etsai bilakatu gabe. Noiz arte?