Betiko betikoa

Bai horixe ·

Solidoa zirudiena likido bihurtu zitzaigun eta likidoa zena lurrun

Mundua ez da sekula gelditu, etengabe dabil biraka eguzkiaren inguruan, sortu zen unetik. Bizi-tza ere aldatuz doa, belaunaldiz belaunaldi, urtez urte. Beti izan da horrela, beti iruditu zaie zaharrei aldaketak bizkorregi egiten direla eta beti egon da abiadura hori baretu edo gelditu nahi izan duenik.

Publicidad

Teknologiaren abiadura da horren adierazlerik hoberenetakoa. Ehun urte baino gehiago joan ziren argazkiak asmatu zirenetik asmakuntza hori fabriketara heldu arte, mende erdi telefonoari dagokionez, hamabost urte radarrarentzat (bigarren mundu gerrak eragina izango zuen kasu honetan, 1925. urtean asmatu baitzen eta 1940.ean fabrikatu ), hamabi urte telebistarentzat, hiru urte zirkuitu bateratuaren kasuan.

Gaur bertan, munduko laborategi batean, norbaitek, talde nahiz gizabanako, asmakuntza bat egingo du eta asmakuntza hori teknologia bihurturik datorren astean helduko zaigu etxeraino. Zorabioaren antzeko zerbait sortzen du askorengan aldaketen abiadurak. Solidoa zirudiena likido bihurtu zitzaigun eta likidoa zena lurrun.

Paisai horretan bizi gara eta gutako bakoitzak eginahalak jotzen ditu zurrunbiloan norabidea ez galtzeko esperantzan, zerbait behintzat finkoa izan dadin, aingura lana egin dezan. Tradizio esaten zaio askotan ohitura besterik ez denari, baina izenak izen, munduak ez duen finkotasuna bilatzen dugu bizitzan.

Horregatik jotzen dugu egunerokotasunean betiko jendearengana, betiko hedabideetara, betiko taberna edo jatetxeetara, aspaldiko ezagunetara, aspaldiko sinesmen edo sineskeriatara, betiko betikora. Eta betikoa ez bada, betikotu egiten dugu. Horrela hezi ninduten, hori irakatsi zidaten umetan, eskolan, horrela izan da beti.

Publicidad

Eta, halere, norberaren gorputzari gertatzen zaiona gertatzen zaigu bizimoduan. Ikusten duzu zure haurtzaroko argazki bat eta zuk dakizu hori zu zinela, baina gainerakoek nekez ezagutuko dute zarena zinen horretan. Gehienok ez gara gure gurasoak bezala bizi, onartuko dugu, askotan hoberako, guk asmatutako betikotasun gezurrezko hori folklore sakratu bilakatuta.

Agian horregatik ere egiten zaigu hain zaila pandemia garai hau, ohiturak aldarazi dizkigulako, beste modu batera bizitzera behartu gaituelako, oharkabean egiten genuena modu ezagueradunean egin behar izan dugulako. Salbuespena zen bitartean onartu egin genuen, aste gutxitako kontua izango zelakoan. Aste horiek, ordea, hilabete bilakatu ziren eta hilabeteak urte.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad