Oporrak datozen bakoitzean, Aiako Pello Haundia etorri ohi zait gogora. 'Barkazioak' esaten zuen hark: «maisu-maistrak, beti barkaziotan!». Nahiz eta opor askorik ezagutu gabea izan bizitzan, gizon handi eta zirikalari hark bazekien, nonbait, lanaren barkazioarekin zutela zerikusia.
Publicidad
Irribarrea eragiten digute herri-etimologiaz sortutako hitzek, baina jakinduria polita azaldu ohi dute. Eta merezi dute aintzat hartzea. 'Txakurtegia' (charcutería) ikasi nion getariar bati; 'eskupelaioa' (escapulario) zarauztar bati, nahiz eta bera ez izan San Pelaio auzokoa; 'eklipsea' (elipsia), aiar bertsolari bati: «bertsolariok eklipsea egiten omen diagu» ikasi omen zion Amurizari. Eta abar.
Irribarrea eragingo digute halakoek, baina zer alde dago herri-etimologia eta etimologia kultua duten hitzen sorreran? Esaterako, 'fachada' hitzetik omen dator 'patxada'. Euskaraz, gaztelaniazko esanahi berberarekin erabili omen zen lehenik, XVIII. mendearen bigarren erdialdean: eraikinen aurrealdea izendatzeko. Gero erabili zen, geroago, egonkortasuna eta lasaitasuna zerien gizakien tasuna izendatzeko. Antzekoak izan, nonbait, eraikin sendoen itxura eta gizaki baketsuena. Eta nolako itxura, halako deitura.
Hitzak hitz, patxadan bizitzea da kontua. Bai opor luzeetan eta motzetan, bai asteburuetan. Eta baita lanegunetan ere, lanak amaitu ondoren. Patxada gozatzea da kontua. Patxada bera. Patxada berez baita baliotsua. Ez baita bitartekoa, gero lanera freskoago joan eta hobeto lan egin dezagun. Eta beste horrenbeste gerta-tzen da lanarekin ere. Lana berez da baliotsua, eta ez oporretarako dirua eskuratzeko balio digun neurrian.
Xelebreak gara. Geure buruari tranpak egiten beti: lanean, oporrak amets; eta oporretan, lanean prentsatzen. Eta ohera joateko ordua iristen denean ere, Pellori baimen eske: «Oi, Pello, Pello, logale nauk eta jinen nizan ohera?». Eta Pellok, aurrena bukatzeko lanak: irun, astalkatu, harilkatu, josi; eta gero bai, ohera joango garela: «gero, gero, gero; gero, gero bai». Eta lanak bukatzerako, eguna argitu eta bihar bihurtu geroa, eta orduan Pellok: «argia dun eta bihar, bihar, bihar; argia dun eta jinen hiz bihar». Xelebreak gara. Beti, orainalditik ihesi, geroa amets. Eta biziaz gozatu gabe, bagoazela ihesi eta ihesi noraezean. Oi, lehenaren zamapean biziko ez bagina sikiera! Oi, Pello, Pello!
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión