Hitza, euskara, erdara, itzulpena... Dena bihur dezakegu arma. Eta, dena arma bihurtuta, edozer gauza etor daiteke gero: xextra, sesioa, istilua, liskarra... Eta Erdi Aroraino egin dezakegu atzera. Edota Itun Zaharreraino.
Publicidad
Erdaraz ikasi nuen Bibliaren berri. Bi zati zituela: Antiguo Testamento eta Nuevo Testamento. Antiguo eta Nuevo ulertzen nituen, baina Testamento ez. Izan ere, zer arraio egiten zuen hitz horrek hor? Ez al zen, ba, norbaitek bera hil ondoren bere ondasunekin zer egin esaten duen dokumentua? Zer ikusi zeukan horrek Bibliarekin? Aitonduta gero eskuratu dut erantzuna.
Itzulpen txar batekin hasi omen zen dena. Hebreerako Aliantza omen dago hitz horren atzean: Jainkoaren eta Israelgo herriaren arteko Aliantza. Baina hasi dira Itun Zaharra hebreeratik grekora itzultzen, eta Aliantza hitzaren ordainetan Testamentu baliatu. Eta, hortik aurrera, itzultzaile guztiek, Testamentu. Eta hau horrela pasatu hizkuntza batetik bestera. Hebreeratik grekora; grekotik latinera; eta, gero, inguruko hizkuntzetara; baita gaztelaniara eta euskarara ere.
Baina argi ibili ziren Elizen Arteko Biblia itzuli zutenak, eta Itun Zaharra eta Itun Berria itzuli zuten, esanahiaren jatorrira jo eta jatorrizko Aliantza ezin egokiago itzuliz, Olabidek-eta bezala.
Gaur, egoki asko jasotzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak 'itun' hitzaren esanahia, adibide eta guzti. Itun: Elkar hartzea, hitzarmena. Ituna izenpetu. Itun bat egin. Lizarrako ituna. Eta ondoren, Itun Berri eta Itun zahar.
Alegia, beharrezkoa dugula hitzen jatorrira eta jatorrizko esanahira jotzea, ez baditugu gauzak beren onetik atera nahi. Esate baterako, euskalduna zer den hitzak berak dio: euskara duena. Eta, adibidez, norbait izan daiteke euskalduna, zorionez, nahiz eta Australian jaioa izan; eta Euskal Herrian jaioa izanak ez du inor, zoritxarrez, euskaldun egiten.
Publicidad
Gero, beste kontu bat dago. Batzuetan, hitz bera erabili ohi da nonbaiteko herritarra eta hizkuntza izendatzeko –katalana, frantsesa, alemana, ingelesa...–; beste batzuetan, bi hitz –hebrearra / hebreera, greziarra / grekoa, galiziarra / galiziera, espainiarra / espainiera eta euskal herritarra / euskalduna–.
Horrenbeste jakin beharko lukete itzultzaileek eta politikoek. Elkarren arteko zubiak eraikitzeko baitira hitzak, hizkuntzak eta itzulpenak, eta ez Babelgo dorreak ugaltzeko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión